Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Haur-folklorea ala folklorearen infantilizazioa?

Dokumentuaren akzioak

Haur-folklorea ala folklorearen infantilizazioa?

2009/10/27 13:30
Haur-folklorea ala folklorearen infantilizazioa?

Zarauzko Haurren Euskal Festa Eguna (2009-09-06) (Argazkia: Xabier Etxabe)

Esan behar dizuet, azkenaldian, folklorearen transmisio-bideak eta haietan ematen ari diren aldaketak aztertu eta ulertu nahian nabilela, bereziki dantza-taldeak egiten ari diren lanari erreparatuz. Horregatik, artikulu honek badu loturarik aurrekoan web gune honetan bertan idatzi nuenarekin.

Badira urte batzuk udan inora atera ez naizela; herrian bertan gelditzeak aukera eman dit herriko eta auzoetako festetan egoteko, eguneko festak nola aldatu diren konturatzeko eta, ilobak ere baditudanez, umeei begira antolatzen diren ekitaldiak ikusteko. Egun horietako batean izan zen, abuztuan, koadrilako lagun batekin topo egin nuenean: ni dantzariak ikustera joana nintzen auzoko festetara, arratsalde erdian; bera, auzokoa bertakoa eta urtetan festetako komisioan lan egindakoa izanik, han egote hutsarekin ari zen disfrutatzen. Berak atera zuen gaia, esanaz goizean izan zirela ume-jolasak, eta oso "bigunak" iruditu zitzaizkiola: "Gu komisioan giñanean ume-jolasak geronek organizatzen genizkian, eta askoz kañeroagoak hituan. Ez diat horrekin esan nahi hau gaizki dagonik, baña orain umeagoentzat egiten diate." Laguna hitz egiten ari zitzaidan bitartean plazara begiratu nuen, eta harritu nintzen hainbeste ume-kotxe eta guraso ikustearekin; txistulariek azken biribilketa bukatzerako (gero hitz egingo dut haien jardunaz ere), plaza bete jende zegoen txokolatadarako ilara osatzen.

Astebete ez zen pasa, eta festetan geunden berriro herrian –Zarautzen bada festa gero, udan!–. Eguerdiko plana: ilobekin kale-buelta, buruhandi eta erraldoiekin batera. Berrogei bat urte dituen lagun batekin egin nuen topo, semeekin zebilela, eta aurre hartu zidan ikusten ari ginen estanpa sinistu ezinik (haur bat, maskuria eskuan, buruhandi bat jotzen): "Hau ikustera ailegatu behar genduanik! Oraingo buruhandiek ez korrika egin eta ez errespeturik jarri! Gu korrika-saio galantak egiñak gera, bildurrak aidean, mutil-koskorrak giñala. Orain, bederatzi  urteko nere semea aspertu egiten da buruhaundiekin". Aurrekoan bezala erreparatu nion plazako panoramari, eta gauza bera: guraso eta senitarteko ugari beren haurrak paseatzen, ume-kotxeak nonahi, zortzi urtetik beherako umeak nagusi.

Ez da nire asmoa deskribatzen ari naizen egoera horiek erridikulizatzea, eta ezta, besterik gabe, "gure garaian dena askoz hobea zen" aldarrikatzea ere; juzgatzea baino gehiago, aldaketa horiek eman direla nabarmentzea da nire asmoa. Dantzaren inguruko adibideekin hasi aurretik, irakurleari eskatuko nioke egin dezala ahalegina, bere herrian antolatzen diren festei nahiz edozein kale-ekitaldiri erreparatuz, infantilizazio-fenomeno hori zenbaiteraino eman den jabetzeko. Eskoletako aktibitateak izango dira, seguru asko, adibiderik onenak: ikastetxeen anparoan antolatzen diren santaeskeak, Olentzero-eskeak, Iñauterietako festak, kurtso-bukaerakoak... Nire iritzian, ekitaldi horietan gertatzen ari den infantilizazio-fenomenoaren bi eredu jar daitezke:

  • Badira aktibitate batzuk, lehen ere umeentzat antolatuak izanagatik, pixkanaka umeagotu egin direnak. Horren motiboak bilatzerako garaian, alde batetik, azken urteetan haur txikientzako denbora-pasako aktibitateen eskaria ("haurtzaindegi" lana deitzen diote horri dantza-talde askotan) izugarri hazi izana aipatu behar da. Horren ondorena da aktibitate horietan, haurrekin batera, haien senitartekoak ere egotea. Dantzari-txikiak izan garenok badakigu aldaketa hori zenbaterainokoa izan den: gure garaian gurasoak ez ziren joaten (edo, oso noizbehinka) gure saioak ikustera; orain, beste gauzarik ez da ikusten (bide batez esan dezadan, argazki- eta bideo-kameraz beteta, irudi egokiak hartzeko preokupazioarekin, saioa bera ikusteaz ahazteraino). Hala ere, eta honek kontraesana dirudi, aktibitate horietara helduak joan izanak ez du aktibitatea "heldu", "umetu" baizik. Horren arrazoia da, haurra noizbait konturatzen dela heldua ez dagoela han bere dibertsiorako, haurrari berari laguntzeko baizik; eta, koskortuagoak diren neska-mutilentzat, eredu hori ez da erakargarria.

  • Beste aktibitate batzuetan, lehen helduak ziren protagonista. Urteen poderioz, aktibitatearen ahultzearekin batera (mila izan daitezke dekadentzia horren arrazoiak, orain ez dut sakonduko horretan), leku hori haurrek hartu dute. Haurrak protagonista diren santaeskeko taldeak edo Iñauterietako mozorro-festak, esandakoaren adibide onak dira. Dantzari-txikien alarde askotan ere (nire inguruan bai, behinik behin) prozesu hori eman da: hasieran helduen alardeen kopia bat besterik ez zen haurrena, gero helduek laga zioten ateratzeari, gero hamabost urtekoek... eta orain apenas ikusten dut nik hamaika urtetik gorako dantzaririk.


Infantilizazio-fenomenoarekin batera, feminizazio-prozesu bat ematen da sarri. Alegia, dantzan oso nabarmena dena eta, oro har, kulturako arlo gehienetan ere bai: nesken protagonismoa gero eta handiagoa da; fenomeno hori ez da derrigorrez gertatu neskak aktibitate horietara hurreratu direlako, mutilak urrutiratu egin direlako baizik; begira, bestela, kirolean gertatu dena: neskak hurreratu dira, bai, baina mutilek ez diote utzi kirola egiteari. Horregatik, eta hau kezkatzeko moduko gaia iruditzen zait, mutilek, txiki-txikitatik, segituan identifikatzen dituzte zein diren "balio" duten aktibitateak (besteak beste, kirolak, indar-erakustaldia eta konpetizioa baldin badute hobe) eta zein diren "balio ez dutenak", "neskenak" edo "bigunak" direnak (dantza, gimnasia, pilates...). Edozein juzgu eta balorazio alde batera utzita, haurrei beraiei entzutea aski da hori horrela dela konturatzeko; hori zergatik gertatzen ote den, ez dakit. Lehen aipatutako dantza-emanaldian, Zarauzko auzo batean ikusi nuen hartan, nabarmena zen: hamabi-hamahiru urte bitarteko dantzariak aritu ziren dantzan, hogeita bost bat neska eta lau edo bost mutil. Mutilak, denak, oso txikiak: zazpi bat urtekoak.


Trinitateak

 

Eta galdera da: nola ailegatu gara egoera honetara? Beste dantza-estilo batzuetan gertatzen ari dena ikusita, lehen-lehenik esan behar da hau kontra datorkigun olatu handi bat dela; baina hori esanda ezin gara konformatu, orain ere beste eredu batzuk badaudelako eta dantza-taldeek, bere neurrian, zerbait egiterik badutelako. Nik inguruan ikusi dudanaren arabera, pixkanaka eman den prozesua izan da. Azken urteetako dantza-taldeen krisiaren ondorioz badira ia inertziaz funtzionatzen duten taldeak; haietan, gai honen inguruko hausnarketa gutxi egin da, eta ia konturatu gabe gizarte berriaren eskari guztiak itsu-itsuan onartu izan dira. Talde indartsuagoak edo, nire ustetan behinik behin, kriterio egokiagoak izan dituztenak, nolabait ere saiatu dira taldearen interesak hobeto zaintzen. Bide horretan, esan dudan bezala batzuetan jakinaren gainean eta beste batzuetan konturatu gabe, dantza-taldeek hainbat erabaki hartu dituzte. Besteak beste: haurrak taldeetan sartzeko gutxieneko adina jaistea (adin horietan eskaria gero eta handiagoa baita); helduen taldeak gero eta dantza gutxiago egiten duten taldeetan, haiek utzitako zuloa haur-taldeekin betetzea; eta, ezinbestean, dantza irakasten gero eta jende gazteagoa eta formazio gutxiagokoa jartzea (izan ere, dantzari-txikien adina jaistearekin batera jaitsi da irakasleena ere).


Bestela ere nahiko zaila bada dantza-talde bati eustea: helduen taldeez aparte, gehienek haurrenak ere badituztelako, eta gero musikariak behar dira, taldearen norabidean ere asmatu beharra dago, ekitaldiak bilatu edo sortu... Horri guztiari eransten badiogu lehen aipatutako erabaki horiek uzten duten arrastoa, gero alperrik penatuko gara esanaz jendearentzat dantza ez dela gauza inportantea eta kosta egiten zaigula jendea dantza-ikuskizunetara eramatea, edo dantza-taldeetan gazteak motibatzea kosta egiten dela. Nik ere aitortzen dut ez daukadala erabateko soluziorik, problema sakona dela, baina ikusten dudanean dantzari-txikien saio askotan unerik barregarriena eta erakargarriena mutil-koskor bati galtzak erortzeko unea dela; edo jendearen esanak "¡Qué salao!" eta antzekoak direla; edo dantzariak saioaren erdian gurasoak agurtzen, dantzan gelditu eta parrez, eta antzekoak ikusita haien irakasleari berdin zaiola... iruditzen zait oso zaila dela egoera horretan dantzaren transmisio egokia egitea.


Esan beharra daukat auzoetako dantzari-txikien saio horietan ikusten dudala oraindik infantilizatu gabeko eremu bat: txistulariena. Poz handia ematen dit, txistulari propiorik ez duten dantza-taldeetan, taldearekin lotura zuzenik ez duen txistularia bere lanean ikustea, serio, fin, askotan xoxik kobratu gabe, inor gutxiren atentzioa bereganatuz baina bete behar duen lan hori ahalik eta txukunen egiten. Haiek dira, eta tartean-tartean bere ume-taldearen pausuei adi eta nerbioso begira sumatzen dudan irakasleren bat ere bai, saio horietako nire atentzio-gune nagusiak.


Gero eta konbentzituagoa nago, bizitzaren beste hainbat arlotan gertatzen den moduan, dantzan ere helduen (edo, nahiago bada, gazte-helduen) erreferentziak direla funtsezkoenak; eta, dantza-taldeetan, nahiz eta ahalegin izugarria egin behar izan, helduek sarriago atera beharko luketela kalera (ez derrigorrez antzoki batera), eta umeek gutxiago. Haur-taldeak edozein modutan eta gutxieneko baldintzarik gabe ikusi izan ditut kalera ateratzen (hau errespetu osoz esaten dut, neroni dantza-irakasle aritu naizenean ere horrelakoak gertatu zaizkidalako), taldea osatu gabe batzuetan, txistularirik gabe beste batzuetan auzo-herrietakoei laguntza eskatuz...

2005-09-04 Haurren Euskal Festa Eguna

2005-09-04 Haurren Euskal Festa Eguna (Xabier Etxabe)

 

Nabarmena da azaletik baino landu ez dudan folklorearen infantilizazio fenomeno hau, dantza-taldeetan, beste problema batzuekin nahastua datorrela, eta batzuetan haien ondorena besterik ez dela: taldearen helburuak garbi ez badaude, taldeak indarra non egin behar duen ez badaki eta, hausnarketa gehiegi egin gabe, lehen datorkigun egoerari nola-hala eustea baldin bada eginkizun bakarra, zaila da soluzio egokiak planteatzea. Horregatik, taldeak hartu beharreko erabaki horiek ondo neurtzearen premia funtsezkoa da, urte batzuk pasata zaila gertatzen delako sortu den egoerari bat-batean buelta ematea.

 

Dokumentuaren akzioak

Usoa
2009/10/27 18:08

Guztiz ados zurekin, Xabier. Dantzari txiki egunetan kalez-kale egiten diren dantzaldietan talde horretako umeen gurasoak bakarrik dira ikusle. Kalejira beraiekin egiten dute, eta umeak dantzan ari direnean gurasoak argazkia ateratzen, eskuarekin agur egiten... nahiko infantil, egia esan.

Gorka
2009/10/28 12:06

Bizkaitik arrapostua: Sakonak dira azken hamarkadan dantza taldeek bizi izan dituzten aldaketak, sakonak ere (eta erabatekoak) Euskal Herriak bizi izan dituenak baita. Neroni ez naiz asko fijatu haurren ekitaldi zein egunerokotasunean, baina bai alderantziz erabatekoa den dantza talde folkoriko "ohiko"( beste molde batzuetakoak ere bait daude eta nahiko arrakasta gehiagokoak, ez dezagun ahantz) euskaldunen beherakada nabarian. Alde batetik eta artikuloari zuzenean helduaz, infantilizazio prozezuak non nahi aurki ditzakegu, hezkuntza delarik joera hau gehien nabarmentzen duena (ESO eta LOGSE berrien planteiamenduak dira infantilizazio prozezu hauen erakuslerik argienak nere uste apalean). Bestalde eta dantza munduari atxikirik aspaldidanik remora edo lastre aunitz ikusi izan ditut nik aspalditik, egon izan naizen bi dantza taldeetan (bata Barakaldotarra eta bertzea Bilbotarra), biak ere biak, historia luzea dutelarik baina etorkizun gutxi. Aspaldidanik nik bezelako 80 hamarkadako punkiak "La Polla Records" talde famatuaren letretariko bat guztiz isladaturik ikusi ohi dugula gure folklore esparruan ("la tradición es una maldición" delakoa) eta gaur egunian dantza taldeek duten arazo larrietariko bat haien perspektiba urria eta erreflexio esfortzu sakonik ez egitearena dira. Feminizazio prozesuetaz hitzegiten, lotsagarria da enetzako, Euskal Herria bezalako herri aurrerakoi eta ezkertiar batean, oraindik ere zenbaitzu dantza ziklotan emakumeek jasaten duten betoa. Lotsagarria eta dantza taldeentzako bere buruaz beste egitearen sinonimoa bertzalde. Luzeegi diardut onezkero nere arrapostuan, baina dantzariek heurek eta folkorea maite duten pertsonek egin, egin beharko dute dantza talde "tradizionalek" (beraz aurreko letrei erreparatuz "madarikatutakoak") egin nahi ez dutena estruktura lez. Erreferente berriak bilatu, molde eraberrituak sortu (zenbat urte daramagu jada Urbeltzek 70. hamarkadako sortutako modeloakin? Noiz arte?) eta euskal dantza tradizionalari haize berriak ekarri honek arnasa sakon hartu dezan mende hontan gertatuko diren aldaketa guztiei garantiekin aurre egin diezaion, eta XXII mendean ere dantza herrikoia (hau bait da enetzako definiziorik zeatzena, aurrekoa baztertuz) herriarentzako eta herriarekin bat, bizirik jarrai dezan. P.D: Parkatu txapa eta bidenabar ortografi faltak...(...de Barakaldo jolin).

Jon.
2009/10/28 22:03

Xabier oso interesgarria iruditu zait zure artikulua, eta nik uste beharrezkoa dela bai infantilizazio garatze horri erreparatzea. Nahi edo nahi ez, infantilizazio horrek berekin dakar zenbait dantza ezaugarrien galtzea, pausoak esate batera. Aurretik esan nahi dut ez naizela ni dantzan aditua, eta gaur egun dantza egin beharko banu, nerekin ere galduko liratekeela ezaugarri horiek. Ezaugarriez ari naizenean, pausoen zuzentasunaz, formaren zehaztasunaz eta, azken batean, dantzaren seriotasunaz ari naiz.

Ni dantzari txiki izandakoa naiz, eta irudipena daukat gure garaian dantzariak, dantza-maisua eta herria bera zorrotzagoak zirela dantzarekin. Haurtzaindegi efektua izan edo ez, poztekoa iruditzen zait dantza taldeetan haur geroz eta gazteagoak egotea, nahiz eta jakin horietako askok utziko dutela dantza gero. Baina ados nago zurekin Xabier, horrek ezin duela dantzaren erreferentzia aldatu behar, eta erreferentzia hori, nere ustean, helduak izan behar dute/dugu.

Horregatik oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit azken aldian ugaritzen ari diren dantza kofradiak, geroz eta gazteagoak diruditen dantza taldeen aurrean. Gainera, dantzari ohiak berreskuratzeko aukera ere ematen du horrek, eta horrekin ere lortzen da horien arreta berriro dantzara ekartzea.

PD: Bide batez, Gorkak dionaren harira, esan behar dut asko poztu ninduela igandean Zaldibian emakumezkoak ezpata-dantzan aritzen ikustea, eta esan nahiko nuke, horrekin batera, Oierrek bezala nik ere tradizional kontzeptu horren aldekoa naizela.

patxi
2009/10/27 15:55

Oso ongi planteatuta eta idatzita. Erabat ados zurekin. baina egoera hau ez da bakarrik gueran ematen, orokorra dela erranen nuke nik. Hain zuzen ere horregatik erromeria berpiztearen kontua (ematen den kasuetan) ez dela haurrengan fokalizatu, baizik eta helduengan, eta helduak dira plaza berpizten ari direnak,etorkizunerako erreferenteak bilakatuz, zuk diozun moduan. Zorionak berriz eta segi horrela

2009/10/28 12:34

Kaixo Gorka. Gogoetak eta perspektiba berrien planteamenduak interesez jarraitzen ditugu askok, eta zenbait tokitan azken urteotan hainbat ausnarketa eta aldaketa gertatzen ari dira. Horien eragina oraingoz mugatua izatea eta eskualde batzuetan eredu zaharkituekin funtzionatzen jarraitzea gauza bat da, eta dena geldi eta gaizki dagoela esatea beste bat. Zure erantzunaren arabera "tradizional" kontzeptua gaitzetsi eta "herrikoi" goratzen duzula iruditu zait, eta nik ordea "tradizional" kontzeptua defendatzen dut, baina inondik inora "fosil" baten esanahiarekin, baizik eta "de facto" tradizioak erakutsi dituen ezaugarri interesgarrienekin: gure kulturaren osagai interesgarriak gordetzeko gaitasuna etengabeko egokitze eta aldakortasunerakin uztartuta.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.