Guilcher funtseko euskal dantzaren filmaketak aztergai Baionan
Dantza-jauziak, Besta Berri, Iholdi, 1972. Irudia: Guilcher fondotik
Guilcher familiak 1960-70 hamarkadetan ikertu eta filmatu zituzten euskal dantzak aztergai izango dira azaroaren 18an Baionan ospatuko den kolokioan. Jean-Michel eta Helene Guilcher-en alaba Mone Guilcher izango da Baionan, Euskal Herrian egin zuten ikerketa-egonaldiaz eta gurasoek seme-alabekin batera garatu zuten dantza-ikerketa sistematikoaz mintzatzen. Horrez gainera, Claude eta Jon Iruretagoiena, Joana Etxart, Ihitz Iriart, Xantiana Etxebest, Marylin Errekalt, Patxi Larralde, Xabier Itzaina, Marie-Claude Hourdebaigt eta Crestiana Mosques dantza irakasle eta ikertzaileek Guilcher funtsaren azterketa egingo dute, nork bere alorretik begiratuta.
Egun osoko egitaraua antolatu da eta parte hartzeko izena eman behar da.
Guilcher funtsa: mugimendua filmatu
Baionako Mediatekan, 2026ko azaroaren 18an
9:00 Guilcher funtsa kokatu eta perspektiban eman
-
9:20 Claude Iruretagoyena, Maritzuli konpainiako zuzendaria.
-
10:20 Mône Guilcher, landa-lanean parte hartua.
10:40 Atsedenaldia.
-
11:00 Jon Iruretagoyena, dantza-irakaslea eta ikerlaria.
-
11:40 Joana Etxart, Ihitz Iriart Casenave eta Xantiana Etchebest, Gure ondarea ikerketa-proiektuko partaideak.
12:30 Eguerdiko atsedenaldia
14:15 Funtsen analisi zehatzagoa, lurraldeka
-
14:15 Zuberoako funtsa: Marylin Récalt, dantza-irakaslea.
-
14:55 Nafarroako funtsa: Patxi Larralde, dantza-irakaslea eta ikerlaria.
15:35 Atsedenaldia.
-
15:50 Lapurdiko eta Nafarroa Behereko funtsak: Xabier Itçaina, CNRSko ikerketa-zuzendaria eta Sciences Po Bordeauxko ikerlaria.
-
16:30 Biarnoko funtsa: Marie-Claude Hourdebaigt eta Crestiana Mosquès, dantza-irakasleak eta ikerlariak.
17:15 Kolokioaren amaiera.
18:30-20:00 Gaualdia. Guilcher funtseko filmen proiekzio musikatu, dantzatu eta komentatua, Maurice Ravel kontserbatorioko eta Paueko kontserbatorioko ikasleekin.
Dantza pentsatu
Guilcher funtsa: mugimendua filmatu, dantza pentsatu izenburua jarri dio Euskal Kultura Erakundeak jardunaldiari. 1962tik 1976ra bitartean, Jean-Michel eta Helene Guilcher dantza-ikertzaileak, haien seme-alabekin Euskal Herrira etorri ziren, euskal dantzak ikertu eta dokumentatzeko. Familia Euskal Herrian bizi izan zen, eta Zuberoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean, Nafarroa Garaian eta Biarnon dantzariak, musikariak eta dantza-maisu-maistrak elkarrizketatu zituzten. Haiekin dantzan ikasi eta hainbat filmaketa ere egin zituzten, ikerketa-lanaren osagarri.
Ligi-Atherei, Iruri, Barkoxe, Sohütam Hauze, Urdiñarbe, Altzürükü, Eskiula edo Gotainen egindako filmaketetan, Zuberoako dantzariak eta dantza-maisuak ageri dira maskaradetan eta pastoraletan dantzan, bai eta ikertzaileei dantza-pikoak erakusten; Nafarroa Behereko eta Lapurdiko Iholdi, Heleta, Lekorne eta Donamartirin Besta Berri ospakizunak filmatu zituzten; Santiago festan bolanten-dantzan Luzaiden eta mutil-dantzak Baztanen, besteak beste.
Azaroaren 18an, Baionan elkartuko dira ikerlariak, dantza-maisuak eta ondare horren inguruan lanean ari diren hainbat lagun, Guilcher familiak egindako filmek erakusten dutena aztertzeko. Kolokioaren bidez, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Euskal Herrian eta Biarnon egindako filmak ezagutarazi eta haien edukia aztertuko dute, lurraldeka antolatuta. Jardunaldian, filmek jasotako dantza-ondarea kokatu, ikerketa-ikuspegietatik aztertu eta gaur egun duten balioaz gogoetatzeko aukera izango da.
Guilcher sendiak jasotako ondare hori euskal dantzazaleen eskura jartzeko, seme-alabek filmak Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi dituzte. Duela urtebete argitaratu genuen lehen atala, eta ordutik, bi astetik behin, bildumako ikus-entzunezkoak argitaratzen ari gara Jon Iruretagoiena eta Aritz Ibañez-en azterketez lagunduta. Hemen orain arte Dantzan-en argitaratutakoak:
- Guilcher 01 Ligi-Atherei 1962 Elixiri
- Guilcher 02 Iruri 1962 Bordazarre Etxahun
- Guilcher 03 Barkoxe 1963 Uthürri eta Artzanuthürri
- Guilcher 04 Iruri 1963 Maskaradetako dantzak
- Guilcher 05 Sohüta 1963 Couchinave, Cazet eta Copen
- Guilcher 06 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak
- Guilcher 07 Urdiñarbe 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak
- Guilcher 08 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: jauziak, bralea eta godaleta
- Guilcher 09 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: ofizioak
- Guilcher 10 Altzürükü 1963 Urdiñarbeko dantzariak
- Guilcher 11 Barkoxe 1963 Alexis Pikotxet eta Pierre Üthürri
- Guilcher 12 Eskiula 1963-1976 Gabota, Godaleta eta Aitzina Pika
- Guilcher 13 Barkoxe 1962 Etxahun koblakaria pastorala
- Guilcher 14 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: Satanen errepikak
- Guilcher 15 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra pastorala
- Guilcher 16 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: moneinak
- Guilcher 17 Iruri 1966 Comte de Treville pastorala
- Guilcher 18 Iholdi 1972 Besta Berri
- Guilcher 19 Iholdi 1972 Besta Berri: dantza-jauziak
- Guilcher 20 Heleta c.1972 Besta Berri
- Guilcher 21 Lekorne 1972 Besta Berri
- Guilcher 22 Lekorne 1972 Zazpi jauziak
- Guilcher 23 Donamartiri 1972 Besta Berri
Izen-ematea: Guilcher funtsa: mugimendua filmatu, dantza pentsatu
Dantzan