Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Egoitzatik kanporatua izan da Goizaldi berriz ere

Dokumentuaren akzioak

Egoitzatik kanporatua izan da Goizaldi berriz ere

2019/12/12 10:25
Egoitzatik kanporatua izan da Goizaldi berriz ere

Goizaldi dantzari taldearen lokalaren atea. Argazkia: Goizaldi dantzari taldea.

70 urtez bere egoitza izan den lokaletik kanporatu dute Donostiako Goizaldi dantzari taldea. Easo kalean, Francisco Escudero Musika Kontserbatorioak darabilen eraikin berean dago Goizaldi dantza taldearen lokala. Bart sarrailak aldatuta aurkitu dituzte Goizaldiko dantzariek. Goizaldi dantza taldeak jakinarazi duenez "Abokatuaren bidez, gure lokalerako sarrera oztopatzeko eskumenik ez zuela adierazi" zioten Kontserbatorioko zuzendaritzari, baina hala ere, sarrailak aldatu eta kalean utzi dituzte dantzariak.

1948tik bertan

Goizaldi 1948an sortu zen eta bere sorrera aktaren lerroetan dagoeneko egoitza honi egiten zaio erreferentzia:

"Dos de febrero de 1948, lunes, en los bajos del Conservatorio Municipal de Música, situado en la calle Víctor Pradera n.º 39, hemos comenzado a aprender las danzas populares de Goyerri, conforme a las reglas de baile establecidas por Juan Ignacio de Iztueta en su libro «Gipuzkoa'ko Dantzak», editado en 1824, en la Imprenta Baroja, de San Sebastián."

Bere sorrera unetik beraz, 71 urtez, horixe izan du bere egoitza Goizaldi dantzari taldeak. Dantzarako gelaz gain, bertan izan ditu Goizaldik jantziak, tresnak eta baita bulegoa ere, Donostiako dantza talde adierazgarri honen historia biltzen duen artxiboa barne. Ez da hau lehen aldia Kontserbatorioa Goizaldi bere lokaletik kanporatzen saiatzen dena.

2004 eta 2005eko kanporatzeak

Orain 15 urte ere Musika Kontserbatorioak Goizaldi bere lokaletik kanporatzeko ahalegina egin zuen. 2004ko ekainean, Kontserbatorioaren zuzendaritzak sarrailak aldatu zituen abisurik gabe. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak esku hartu behar izan zuen Goizaldik bere lokala berreskuratu ahal izateko. Izan ere, eraikina udalarena bada ere, 1998tik Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen udalak. 2005eko otsailean berriz ekin zion Kontserbatorioak, material eta tresnak lokaleko bazter batean pilatu zituen eta Goizaldiko kideei sarrera debekatu zien. Borroka gogor eginez, kalean agerraldiak eta dantzaldiak eginez, eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin lortu zuten berreskuratzea lokala.

Francisco Escudero musika kontserbatorioak eraikinaren egoera kaskarra salatu du azken urteotan. Kabitu ezinda, insonorizazio egokirik gabe, entzutokirik gabe, irisgarritasun arazoak,... eraikinak ez ditu asetzen eskolak dituen premiak, eta egokitzapen eta handitze lanak oso mugatuta daude, estilo arrazionalistako eraikina izanik babestuta baitago.

Goizaldiren egoera

Une honetan 70 urtez egoitza izan duen lokalera sartu ezinik dago Goizaldi. Dantzari taldearen abokatuak jakinarazia zion Kontserbatorioko Zuzendaritzari ezin zuela Goizaldiko kideei beren egoitzarako sarrera-irteera oztopatu, baina hala ere, Goizaldiren ateko eta eraikinaren ate nagusiko sarrailak aldatu ditu kontserbatorioak. Abokatuarekin harremanetan jarri eta eman beharreko urratsak aztertzen ari dira Goizaldiko kideak.

Erlazionatutako elementuak
Goizaldi lokaletik kanpo

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.