Dokumentuaren akzioak
Gerra eta soka-dantza Salonikan eta Berrizen
Salonika, 1916. Lehen Mundu Gerra bete betean eta serbiar eta britainiar soldaduak soka-dantzan elkarrekin. Berriz, 1939. Espainiako Gerra Zibila bukatu da, soldadu frankistek Andikonako baselizan festa antolatu dute, prozesioa eta soka-dantza. Gerra gordinean batzuk, gerra oste latzean besteak, soka-dantzan.
Salonika, 1916
Britainiarrak Serbiako ejerzitoari laguntzera joanak ziren Greziara, Salonikara. Bulgariako armadari aurre egiten nahikoa lan izan zuten Mazedoniako frentean. Salonikan ezarri zuten Emakume Eskoziarren Ospitala eta atseden egun batean festa antolatu zuten bertan. Serbiarrak ezin ba Koloa dantzatu gabe geratu, eta ofizial serbiarrek osatu zuten soka, erizain eta ofizial eskoziarrak esku-dantzara sartu eta konturatu orduko soka-dantzan elkarrekin ari ziren denak.
Argazkia: Ministry of Information First World War official collection © IWM (Q 32156)
Gaitaria ageri da goiko eta beheko argazkietan dantza gidatzen. Xiru-larrua puztu eta hustu, azpiko argazkia ikusita nork esango luke ez dabiltzala erregelak dantzatzen? Argazkia: Ministry of Information First World War official collection © IWM (Q 32067)
Eskoziarrek prestatu dute ospitaleko MacThail medikua eta erizain bat soka-dantzan ageri dira azpiko argazkian: Argazkia: Ministry of Information First World War official collection © IWM (Q 32071) Argazkia: Ministry of Information First World War official collection © IWM (Q 32072)
Gerra dokumentazioa biltzen eta sareratzen ari den Imperial War Museum (IWM) webgunean agertu zaizkigu Salonikako soka-dantza bitxi honen argazkiak.
Berriz, 1939
Lau hilabete eskas pasa dira Espainiako Gerra Zibila bukatu denetik. 1939ko abuztuaren 20a da eta Berrizko Andikona ermitan Ama Birjinaren omenezko festa antolatu dute. "Viva España" dioen pankarta zintzilikatu dute ermitaren atarian eta soldadu frankistek atera dute Ama Birjina prozesioan.
Meza ondoren, soka-dantza antolatu dute eta adineko bi herritar jarri dituzte aurresku eta atzesku lanetan, soldadu frankistek zerbitzari lanak egin dituzte. Guardia Zibileko agenteak bertan dira festa bertatik bertara ikusten. Indalecio Ojanguren argazkilariari zor diogu une latz horretako eszena bitxiaren argazkia.
Dokumentuaren akzioak