Dokumentuaren akzioak
Euskal Herrian dira Gaztemundu programaren bidez euskal dantzak ikastera etorri diren amerikar dantzariak
Gasteizen dira dagoeneko, bere lehen eskola jasotzen Gaztemundu programako aurtengo parte hartzeaileak. Irailaren 1etik 16ra gure artean izango ditugu Argentinako euskal etxeetatik etorri diren 19 eta 30 urte bitarteko hamabost argentinar. Gaztemundu programari esker aurtengoan, 2002an eta 2014an bezala, euskal dantza tradizionaleko formakuntza trinkoa jasoko dute gazteek. Eusko Jaurlaritzak euskal diasporako gazteentzat antolatzen duen prestakuntza programa da Gaztemundu.
Egoitza nagusia Gasteizen izango dute ikasleek; Gasteizko Santa Maria aterpetxean egingo dute lo eta Gasteizko Folklore Akademian jasoko dituzte ikasgai gehienak. Hamabost eguneko egonaldian, Gasteizko Folklore Eskolako irakasle eta dantzan.com elkarteak kudeatzen duen Dantzan Ikasiko programaren koordinatzaileen artean prestatutako formakuntza programa jarraituko dute. Euskal Herriko hainbat dantza irakaslerekin dantzako formazio teoriko nahiz praktikoa jasoko dute ikasleek.
Dantzako formazioaz gain, Euskal Herriko hamaika txoko bisitatzeko aukera izango dute argentinarrek. Besteak beste, Markiñan Zerutxu dantza taldekoekin bertako dantzak ezagutu eta ikasteko irteera egingo dute eta Basaurin egingo den Euskal Herriko Dantza Agerketan izango dira. Martin Zalakin ikuskizuna ikusteko aukera ere izango dute Biarritzeko "Temps d'aimer" jaialdiaren barruan.
Gaztemundu 2018ri esker euskal dantzari buruzko alderdi sinbolikoak, historikoak, pedagogikoak eta koreografikoak aztertuko dituzte ikasleek. Formazioaz aparte, Gaztemundu programak, diasporako eta Euskal Herriko dantzarien arteko harreman-sarea sendotzeko aukera irekiko du.
Dokumentuaren akzioak