Dokumentuaren akzioak
Gaztefolk jaialdia bertan behera gelditu da
Hogei urteko ibildea egin ondoren, Irungo Eraiki dantza taldeak Gaztefolk Bidasoaldeko Nazioarteko dantza-jaialdia antolatzeari utziko diola jakinarazi du. Gutun baten bidez jakinarazi dute,"epe jakinik gabe" utzi dutela, eta erabakiaren motibo nagusi gisa eman dituzte, batetik, finantziazioa lortzeko izan dituzten arazo larriak eta, bestetik, jaialdia egiteko boluntario eskasia.
1997an egin zen Gaztefolk jaialdiaren lehen edizioa, eta iaz egin zuten, hain zuzen, bere hogeigarren edizioa. Jaialdiaren ezaugarri nagusia izan da nazioarteko dantzari gazteak biltzea, eta horrekin batera Bidasoaldean erakustea hainbat kulturatako dantzak. Jaialdiaren arduradunek hogei urteotan izandako bidelagun guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete gutun baten bidez.
Hona hemen Oscar Lucas Gainza Gaztefolkeko presidenteak argitaratutako gutuna:
Agur gutuna:
Kolaboratzaile eta lagun estimagarriok,
Bidasoaldeko Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdiaren antolakuntzatik jaialdiaren 20. edizioarentzat egindako ekarpenarengatik eskerrak eman nahi dizkizuegu. Jaialdia, beste urte batez arrakastatsua izan da guztiz, bertan nazioarteko 4 taldek parte hartu ahal izan dutelarik. Berari esker gozatu ahal izan dute haur, gazte eta helduek Irun, Hondarribia eta Beran antolatutako emanalditan, baita kalean antolatutako ekintzetan ere, kasuren batean gure herriko eguraldi ezegonkorrak zertxobait lausotu badu ere.
Arrakasta hori noski partekatutako arrakasta bat da, zuen borondate eta interesetik abiatuta urte bat gehiagoz bete baituzue emandako hitza eta jaialdiaren zati garrantzitsu bat osatzen jarraitu baituzue. Gazte hauek izan duten esperientzia zuen ekarpenari esker aberastu egin da eta gero eta itzal gehiagoz betetzen ari den mundu hau pixka bat hobea egingo duten tolerantzia eta errespetu baloreak sustatzen lagundu duzue.
Jaialdi honen zati oso garrantzitsua izan zarete, ez aurten bakarrik, aurreko edizioetan ere bai, eta horregatik, honaino iritsita, etenik gabeko hogei urteko ibilaldi honen ondoren bere antolakuntza epe jakinik gabe uztea erabaki dugula jakinarazi nahi genizuen.
Erabakia oinarritu duten arrazoiak batez ere bi izan dira. Alde batetik balantze finantzieroa berdintzeko beharrezkoak diren diru sarrerak handitzeak sortzen duen zailtasuna. Eta beste alde batetik, jaialdiaren esteka eta funtzioak bete ahal izateko ezinbestekoa den boluntariotza lortzeko zailtasunak. Azken egoera honek antolakuntza eta operatibitate mailan egoera sostengaezina bihurtu du, eta hortaz ezin dugu hurrengo edizio bat beharrezko arrakastarekin bukatuko denaren bermerik eman.
Honaino iritsita, jaialdi hau azken 20 urteotan posible egin duten lan, esfortzu eta borondatea gogoratu eta goraipatzea besterik ez zaigu geratzen. Irunen eta munduan asko eta asko gara abentura honetatik oroitzapen positibo, epel eta maitea gordeko dugunak. Eta hori da gure ustez 1997. urtean landatu genuen arbolaren fruiturik onena. Fruitu horietatik mundu hau hobea egingo duten hazi berriak aterako direnaren esperantza ere badaukagu.
Mila esker urte hauengatik guztiengatik,
Oscar Lucas Gainza, Gaztefolk-eko Presidentea
Dokumentuaren akzioak