Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gaztedi dantzari taldearen 65. urteurrena

Dokumentuaren akzioak

Gaztedi dantzari taldearen 65. urteurrena

65 urte joan dira 1951an Gaztedi Dantzari Taldea sortu zenetik. 65 urte: erretiro adina orain gutxi arte. Gaztedik, ordea, ez du bide hori jarraituko, ez du erretiroa hartuko; alderantziz, urterik urte lanean jarraitzen du, gure herriko kulturaren alde lan egiteko gogoa lau haizetara zabalduz.

Helburu horrekin, 2016 urtean zehar ekimen ezberdinak antolatu ditugu Bilboko dantza talderik zaharrena dugunaren urtebetetzea ospatzeko. Antolatu diren ekimenen artean, ezinbestekoa da urteurreneko ekitaldi nagusia azpimarratzea: datorren ekainaren 25ean, euskal dantza ikuskizun ibiltaria eskainiko dugu, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Ikuskizunaren izena Zapiak bat izango da, zapia izango baita Gaztediko belaunaldi ezberdinetako 300 dantzari eta musikariren arteko lotura-elementua. Ibilbidea Isozaki Dorreetan hasiko da eta, egitarauan jasotako geldialdi ezberdinak igaro ondoren (Salbe, Guggenheim, Euskadi Plaza), Pergolara helduko da, ekimenean bildutako parte-hartzaile guztiek elkarrekin musika eta dantza eskainiko duten gunea. Gaztediko dantzari eta musikariez gain, Adiskideak Fanfarrearen eta Mairuek Erraldoien Konpartsaren laguntza ere izango dugu, besteak beste.

Gaztedi dantzari taldearen 65. urteurrena

Nabarmentzekoa da ekitaldiak Gaztediren garai eta adin guztietako dantzariak bilduko dituela; dantzari eta musikari guztiak, hirurehundik gora pertsona, bederatzi belaunalditan bananduta daude. Belaunaldi horien artean kokatzen dira Gaztediko haur eta gazteen talde ezberdinak; horien parte-hartzea ere izango du ibilbideak, nola ez, haiek baitira taldearen etorkizuna. Esan bezala, ikuskizunak adin guztietako dantzariak elkartuko ditu eta, txiki zein nagusi (batzuk laurogei urtekoak dagoeneko), guzti-guztiek zapiak elkartu eta folklorez margotuko dute Bilbo berria. 

Margotu diogu, udak eta dantzak gauza bat dutelako komunean: kolorea. Kolore hori da Gaztedik Bilbon zehar barreiatu nahi duena. Horretarako, Euskal Herriko musika eta dantza baliatuko dugu, orain arte gure abarkek zapaldu gabeko espazio berrietara iristeko asmoz.

Ikuskizun hau Bilboko Udalak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatutako "Dantza Plazetan" egitarauan kokatuta dago. Ekimena ikustera hurbiltzeko asmoa duten pertsonak ibilbidea lehenengo geralekuan hastera gonbidatzen ditugu, Izosaki Dorreetan, alegia; horrela, dantzariekin batera egin ahal izango dute aurrera, zehaztasunik galdu gabe.

Gaztedi dantzari taldea

Folklore eta ospakizunen testuinguru honetan, aipatzekoa da astebete lehenago ere, ekainaren 11n (larunbata), dantzak izango duela protagonismoa. Izan ere, Larrain Dantza Topaketaren VI. edizioa ospatuko da Areatzako kioskoan, Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik. Arratsaldeko 20:00etan izango da hitzordua; euskal dantzaren zaletuek aukera izango dute, Gaztediko dantzariekin batera, Euskal Herriko dantza ezagunenetako bat dantzatu eta gozatzeko. 

65. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldiak:

  • Ekainak 23: 65 urtez dantzan Erromeria Herrikoia
  • Ekainak 25: Zapiak bat ikuskizun ibiltaria
  • Uztailak 16: Santutxu dantzan: Gaztedi – Castalla (Valentzia)
  • Urriak 22: Euskal Jaia Santutxun
  • Abenduak 24: 65 urtez dantzan Erromeria Herrikoia

Informazio gehiago: www.gaztedi.net eta https://www.facebook.com/gaztedi/.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.