Dokumentuaren akzioak
Gaztedi Dantzari Taldeak Maskarada osoa antzeztuko du berriz
20 urte beteko dira bihar, 2014ko urtarrilaren 16an, Gaztedi Dantzari Taldeak Zuberoako Maskarada osoa lehen aldiz plazaratu zuenetik. Maskaradak dituen osagai guztiak bildu zituen 1994ko maskaradak: dantza, antzezpenak, sermoiak, koplak etab. Hego Euskal Herrian maskarada oso-osorik eta bertara egokitua egiten zen lehen aldia izan zen hura.
Bi urteko lan gogorra izan zuen atzetik 1994ko Maskaradak, baina egindako ahaleginak bere fruitua izan zuen, arrakasta handia izan baitzuen Maskarada hark. Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan antzeztu zen, Zornotzatik hasi eta Baionaraino.
20. urteurrena bete duen honetan, proiektu hura berpiztu eta berriz plazaratzea erabaki du Gaztedi Dantzari Taldeak. Eta modu berean plazaratu ere, hori bai, egungo egoerara egokituta. 1994an bezala, hitzetan oinarrituta dauden adierazpideak egokitu egin dira bertakoek uler ditzaten. Hala, zubereraz mintzatu edo kantatu beharrean, euskara batuaz zein bizkaieraz arituko dira. 40tik gora lagunek parte hartuko dute.
Hasteko, Maskaradaren bi emanaldi izango dira:
1. Santutxu auzoan, Gaztedi Dantzari Taldearen auzoan, otsailaren 22an, larunbata. Goizean auzoan zehar ibiliko da maskarada barrikadak gainditzen (horretarako auzoko eragileen laguntza izango dugu). Arratsaldean berriz, “ofizioak” edo “jokoak” izango dira Karmelo Plazan.
2. Martxoaren 2an, igandea, Bilbon egingo da Maskarada. Goizean zehar barrikadak hiriko alde zaharrean eta arratsaldean, antzezpen osoa Arriaga antzokiko plazan.
Gonbidatuta zaudete.
Dokumentuaren akzioak