Dokumentuaren akzioak
Gasteizko Folklore Akademiako euskal dantzen irakasleen zerrendetako deialdia
Aldi baterako langile-beharrei erantzuteko hainbat kontratazio zerrenda zabaltzeko azterketa eta merezimendu bidezko hautatze prozedurarako deialdiak argitaratu ditu Gasteizko Folklore Akademiak, tartean, euskal dantzako irakasleena. Eskabideak aurkezteko epea otsailaren 20an amaituko da.
Egin beharreko frogak
Hautaketa-prozedurak bi fase izango ditu: oposizioa eta merezimenduak. Lehen zatian bi ariketa egin behar dira. Lehenengoan, izangaiak ikasle gela bati klase bat eman beharko dio, eskoletako hastapenekoa ez den beste maila batekoa. Klasea, proba egiteko unean epaimahaiak aukeratutako dantza bat izango da, honako dantza-zikloen hauen artean: Gipuzkoako brokel-dantza, dantzari-dantza eta Arabako dantzak. Bigarrengoan, epaimahaiak aukeratuko duen dantza bat banaka dantzatu beharko du, izangaiak aurkeztutako 20 dantzako errepertorioaren artean. Gainera, epaimahaiak aukeratutako dantzari buruz egiten dituen galderei erantzungo die izengaiak.
Gero, merezimenduetarako agiriak behin-behineko emaitzak argitaratzen direnean aurkeztu beharko dira, epaimahaiak horretarako ezarritako epean.
Dantza irakaslearen zereginak
Hautatua izandako dantza ireakasleak hainbat zeregin bete beharko ditu bere lanpostuan. Besteak beste, dantza-jarduera eginez, ariketak eta koreografia-piezak eginez eskolak ematea; baita jarduera pedagogikoak, musikalak, dantzakoak eta kultura zabaltzekoak egitea ere. Horrez gain, ikasketa-programak, eskolak eta tailerrak planifikatzea eta prestatzea ere badagokio. Pieza musikal batetik abiatuta koreografiak diseinatu, sortu eta entseatzea eskatuko zaio eta dantza-taldearen jarduerak koordinatzea eta zuzentzea. Kanpora begira, ikasleen entzunaldiak, koreografiak eta interpretazioak egitea dagokio, beste kultura-, musika- eta dantza-talde batzuekin lankidetzan. Udalaren protokolo-ekitaldietan ere parte hartu beharko dute, hala eskatzen zaienean. Azkenik, dantzarako erabilitako materialak eta jantziak manipulatzea eta egoera onean mantentzearen ardura ere berea izango da.
Informazio gehiago:
Dokumentuaren akzioak