Folkirrikaren Balfolk jaialdiak dantzan jarriko du Kuartango
Dantza eta musika asteburu luzea antolatu dute Kuartangon. Folkirrika jaialdian balfolkeko hainbat errepertorio ezagutzeko eta ikasteko saioak, dantzarako tarteak, zuzeneko kontzertuak, familientzako ekintzak eta gaueko jam saioak izango dira urriaren 9tik 12ra. Egitarauan, besteak beste, fandangoak eta arin-arinak, jotak, charroak, bourreeak, branleak eta Balkanetako, Italiako eta Portugalgo dantzak izango dira.
Folkirrika Arabako eta Nafarroako lagun talde batek antolatzen du, eta Europako hainbat lurraldetan zabalduta dagoen «balfolk» dantzaldi eredua Euskal Herrian ezagutaraztea eta gozaraztea du xede. Folk musika eta dantza sustatzea da ekimenaren asmoa. Balfolka Europa osoko herri-dantzetatik abiatutako dantza sozialeko mugimendua da.
Izen-ematea Folkirrikaren webgunean egin behar da.
Ikastaroak eta dantza saioak
Egitarauak ikastaro eta tailer ugari eskaintzen ditu. Ostiralean, balfolkeko hastapen saioa eta Portugalgo dantzak landuko dira, Natercia Lameirok gidatuta. Larunbatean, jota eta charroa Ines Saltamontesen eskutik eta Balkanetako dantzak Javier Huerta eta Delia Señorrekin landuko dituzte. Bourreeak Pello Iruzunekin eta fandangoa eta arin-arina Uxue eta Mikel Zarateren eskutik izango dira; mutil-dantzak ere landuko dituzte Mikel Lasarterekin, eta branleak dantzatzeko aukera izango da Bahez taldearekin.
Igandean, bikote-dantzan konexioa lantzeko saioa izango da, eta Italiako dantzak irakatsiko ditu Sol Dorek. Familientzako musika eta mugimendu saioa ere izango da, Maria Moinoren eskutik. Astelehenean, Luzaideko jauziak dantzatuko dira Izaskun Iturrirekin, eta haurtzaroarekin erlazionatzeko musika-baliabideak proposatuko ditu Maria Moinok.
Ikastaroekin batera, larunbat eta igande goizetan yoga saioak eta txikientzako txokoa izango dira. Ikasitakoa praktikan jartzeko dantzarako hainbat tarte ere izango dira, Ortzadar Fanfarrearekin eta Azido folklorikoarekin plaza-dantzak egiteko.
Zuzeneko musika eta gaueko egitaraua
Dantzarako zein entzuteko folk musika eskaintza zabala izango da lau egunetan. Ostiralean Plan B eta Tralala Lovers taldeek joko dute; larunbatean, Bahez & Feather and Fox izango dira oholtza gainean; eta igandean, Rhizottome eta Sol Do. Igande arratsaldean, Quico Puges eta Arkaitz Miner musikariak arituko dira elkarrekin. Astelehenean, egitaraua borobiltzeko, DJ Yuriren saioa izango da.
Gaueko kontzertuen ondoren, jam saioak izango dira ostiral, larunbat eta igandean, jaialdiko parte-hartzaileek musika jo eta dantzan jarraitzeko aukera izan dezaten.
Izen-ematea eta informazio gehiago: Folkirrika
Dantzan
