Dokumentuaren akzioak
Egokituta eta murriztuta ospatuko da Euskal Herriko Dantza Agerketa
Segurtasun neurriak bermatu ahal izateko formatua egokitu eta irailaren 19an 20:00etan Social Antzokian izango da XLVIII. Euskal Herriko Dantza Agerketa. Normalean asteburu osora zabaltzen da egitaraua, baina aurtengoan ez da erromeriarik zango ostiralean, ezta Basauriko taldeen emanaldirik ere igandean. Euskal Herriko zazpi herrialdetako dantza taldeak gonbidatzea ere ezinezkoa izan da, beraz, lurralde bakoitzeko dantza adierazgarrienen bideo-muntaia laburrak eskainiko dira larunbateko ekitaldian.
Dantza Agerketara Euskal Herriko tokian tokiko dantzak mantentzen dituzten taldeak gonbidatu ohi dira. Jaialdiaren helburua tokian tokiko tradizioak bizirauten dituzten taldeak taldeak suspertzea eta ezagutzera ematea baita. Aurten, talde gonbidaturik ezean, aurreko berrogeita zazpi edizioetan grabatutako irudiekin osatuko dira bideoak. Bideo bakoitzak herriko hiru taldeetako (Agintzari, Basauritar eta Edurre) dantzari bikoteek egindako zuzeneko dantza-sarrera bat izango du, Bilboko Beti Jai Alai eta Bizkaiko Gaiteroak taldeetako dantzari eta musikarien laguntzarekin.
Euskal Herriko Dantza Agerketako sarrerak ―doakoak― Basauriko Social antzokiko leihatilan egongo dira eskuragarri irailaren 12tik aurrera. Ekitaldia internet bitartez ikusi ahal izango da zuzenean; Agerketak Facebook-en eta Twitter-en dituen profilen bidez jarraitu ahal izango da, baita YouTubeko kanalaren bidez ere.
Egurrola eta Lezameta gogoan
2020. urtea bereziki tristea izan da jaialdiarentzat, Euskal Herriko Agerketaren antolakuntzari oso lotuta egon diren Nerea Egurrola eta Pedro Lezameta Peto hil baitira. Egurrola Basauritar dantza taldeko dantzari ohia da eta batzorde antolatzaileko kidea azken urteetan. Pedro Lezameta Peto urte askoan Agerketaren antolatzailea izan zen, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarekin eta Basauriko Udalarekin elkarlanean. Agerketaren balioak erakutsi eta mantendu nahian aritu zen lanean eta antolatzaileentzat erreferentea izan da.
Basauriko Agerketaren antolatzaileek Egurrola eta Lezametaren lana aitortu nahi dute aurtengo ekitaldian. Senide, lagun eta taldeei elkartasuna adierazi nahi diete eta eskerrak eman nahi dizkiete Basauriko dantza eta euskal kulturaren alde hainbeste urtean egin duten lanagatik.
Dokumentuaren akzioak