Dokumentuaren akzioak
Euskal dantzak irakasten ari dira Buenos Airesko UNA unibertsitatean
Lau hilabetez euskal dantzak ikasten eman ostean azaroaren 28an amaituko dute Argentinako UNA unibertsitatean (Arteen Unibertsitate Nazionalean) Aitor Alava dantzari arabarrak eta Itziar Morh euskal kultura eragileak emandako ikastaroa.
Abuztuan hasi zuten UNAko ikasleek euskal dantzak ikastaroa. Juan Antonio Urbeltzek egindako dantzen sailkapena oinarritzat hartuta Euskal Herriko lurraldeetako dantzen ezberdintasun eta antzekotasunak landu dituzte, besteak beste erromerietan, gorteiatzeko dantzetan, fandangoetan zein jotetan sakonduz. Honekin batera Argentinako folklorea eta Euskal Herrikoa ere aurrez aurre jarri eta alderatu zein harremanetan jarri dituzte lau hilabete hauetan.
Aitor Alava dantzari zuatzarra izan dute dantza irakasle hilabete hauetan. 2004tik Argentinan bizi den arabarra euskal kultura irakaslea da Llavallol-ko euskal etxean eta Ekin Dantzari Taldeko zuzendaria ere bada. Euskal dantza eta kultura irakasten dihardu zenbait urtez Argentinan.
Informazioa: Danzas vascas en la Universidad-UNA (Dantz-ango)
Dokumentuaren akzioak