Dokumentuaren akzioak
Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa
Erabaki zail hau taldeko partaide guztion arteko eztabaida sakon baten ondorioa da eta ondorengo arrazoi nagusietan du bere ardatza:
- Duela 25 urte sortu zen Aurresku txapelketa hau, Alkartasuna Euskal Dantza Taldeak bultzatu eta antolatu izan du. Bere helburua aurreskua berreskuratzea, ezagutaraztea eta indartzea izan da. Hau dela eta herri ugaritako dantzariak elkartu eta leihatu izan dira urte luzez, bakoitzak bere dantzatzeko modua zuelarik. Gaur egun dantza mota hau garatu, perfekzionatu, eta horrenbeste landu ostean, txapelketak bere helburua bete duela deritzogu.
- Epaileen esku dauden txapelketako arauek eta dantzarien lehia biziak, azken urteetan aurreskua gehiegizko bateratasunera bultzatu eta bilakarazi dute. Hau dela eta, haseran herrialde bakoitza ezberdintzen zuten arrastoen kontra egin dugu, eta gaur egun denek berdin dantzatzen dute, edozein herritakoak izanagatik.
- Herrian instalazio estali eta itxirik ez egoteak txapelketa gehiago garatzeko aukerarik ez digu ematen. Oso garrantzitsua baita aipatzea Pasai Antxon ez dagoela ez polikirol-degirik, ez antzokirik, ez frontoi estalirik, edo areto estali dezenterik. Alde batetik dantzariek beraiek eskatzen dutelako esparru egokituago bat, eta bestetik telebista eta komunikabideen aurrean ere txapelketa karpa batean burutzeak ez dituelako betetzen beraien eskariak. Honek eragin du azken urteetan, ETBk, adibidez, ez grabatzea eta ez zabaltzea txapelketa.
Arrazoi guzti hauek laburbiltzen duten Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketaren egoera ondo aztertu ondoren, txapelketaren antolakuntza bertan behera uzteko momentua dela erabaki dugu. Gure aldetik horixe beraz, hemendik aurrera txapelketa Euskal Dantzarien Biltzarraren esku geratuko da eta beraiek erabakiko dute antolatzen jarraitu eta nola bideratu hemendik aurrerakoa.
Hogeitabost urte hauetan zehar Alkartasunarekin batera txapelketa hau antolatzen lagun izan ditugun guztieei esker ona adierazi nahi diegu. Lehenik eta behin KUTXAri, guregan izan duen konfidantzarengatik, bere babesik gabe ezin izango genukeelako txapelketa antolatu. Eta baita ITXAS MENDI taldeko txistulariei ere txapelketaren 25 urteetan gurekin batera huts egin gabe partehartzeagatik.
Eta azkenik, eskerrak urterik urte, Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa gauzatzen lagundu diguzuen guztioi: Pasaia herriari eta udalari, Euskal Dantzarien Biltzarrari, komunikabideei, eskulturgileei, eta nola ez, txapelketan parte hartu duzuen aurreskulari guztioi.
Besterik gabe, laister berriro elkarren berri izango dugulakoan, agurtzen gara:
Dantza taldeko partaide guztien izenean.
ALKARTASUNA EUSKAL DANTZA TALDEA
Lehendakaria: Ione Arnaez Barandiaran
Dokumentuaren akzioak
Dantza Sueltoarekin gauza bera gertatuko da, Denak berdin, Hortik al daude bizkaitar batzuk baina ....