Dokumentuaren akzioak
Dantza nazioartera ateratzeko diru-laguntza deialdia egin du Etxeparek
Etxepare Euskal Institutuak arte plastiko eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkia euskararen eremu geografikotik kanpo sustatu eta zabaltzeko diru-laguntzak atera ditu. Euskal Herriko Agintaritzako Aldizkarian maiatzaren 4an argitaratu da deialdia.
Dantza konpainia profesionalak nazioartera zabaltzeko aukera ematen du deialdiak, baina nazioartean hainbat emanaldi egiten dituzten euskal dantza tradizionaleko taldeak ezingo dira deialdi horretara aurkeztu. Izan ere, espresuki baztertzen dira honako ezaugarriak dituzten jaialdiak:
a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdiak.
b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldiak eta berbenak.
c) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldiak.
Dantza-birak lagunduko dira
Dantza-bira da deialdi honetan diruz lagunduko den formatua. Dantza-biratzat hartuko da 2018. urtean zehar gutxienez 3 emanaldi egitea, beste horrenbeste plazatan. Salbuespen modura, nazioarteko dantza-azoka profesional batean parte hartzea ere biratzat onartuko da.
Modalitate honetarako gehienezko laguntza berrogei mila (40.000) eurokoa izango da. Eskatzaile bakoitzak nazioarteko birako eskabide bakarra aurkez dezake. Distantziaren arabera, honakoa izango da dantza bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa:
- Estatu Espainiarreko biretarako: bi mila eta bostehun (2.500) euro.
- 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.
- 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.
Eskabideen aurkezpena
- Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, maiatzaren 5etik hasita.
- Aurkez daitekeena honakoa izango da: 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egitekoak diren jarduerak.
- Aurrez aurre edo bide elektronikotik egin daiteke eskaera.
Informazio gehiago: Euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzeko diru-laguntzak: dantza (2018)
Dokumentuaren akzioak