Dokumentuaren akzioak
Ertza konpainiak Max saria jaso du
Ertza konpainiari kaleko dantza ikuskizun onenaren Max saria eman diote, Meeting Point lanarengatik. Dantza ikuskizun horretan, herrialde berdineko bi gazte munduko beste punta batean topatu, elkar ezagutu, eta elkarren loturak aurkitzen saiatzen dira. Lan berak 2017an Leioako Umore Azokan ere jaso zuen kaleko ikuskizun onenaren saria.
Atzo iluntzean ospatu zen arte eszenikoen arloan espainiar estatuan urtean izandako lan eta profesionalak saritzen dituen Max sarien gala Sevillan. Ertza konpainia ez da izan saria jaso duen euskal konpainia bakarra, Kulukunka antzerki konpainiak eta Borja Ortiz de Gondra antzerkigilea ere sarituak izan dira. Sari-banaketan aldarrikapen argia egin zuten sektoreko protagonistek, estatu politiketan kulturarako konpromisoa eta egile eskubidean benetako konprimosoa eskatu zituzten.
Ertza konpainiako Asier Zabaleta zuzendaria eta Thiago Luiz Almeida eta Caio Henrique de Souza dantzariak izan dira Sevillan saria jasotzen. Zabaletak hartu du hitza, hasteko eskerrak eman dizkie epaimahaiari eta proiektuan sinetsi duten guztiei. Alboan zituen Thiago eta Henrique dantzariak oso gaztetxoak zirela etorri zirela Brasildik Euskal Herrira azaldu du eta Ertzako audizio batean ezagutu zirela, Meeting Point lanak beraz badu errealitatetik ere. Bi dantzari gazteek ekarri zuten dantzarekiko pasioa eta talentuak gauza asko ekarri omen zizkion gogora Zabaletari eta kideei eskerrak eman dizkie, "eskerrik asko gogoratzeagatik zergatik dantzatzen dudan eta zergatik dantzatzen duen gizakiak". Amaitzeko, dantzatzeko gonbita luzatu du: "Dantza dezagun gehiago, dantza dezagun elkarrekin, dantza dezagun ospatzeko, dantza dezagun gogoratzeko, dantza dezagun amesteko".
Dokumentuaren akzioak