Dokumentuaren akzioak
Errepertorio berezitasuna
Direktorioaren aurkezpenean honela esplikatu genuen zer
bilatzen genuen eremu horrekin: "Errepertorio berezitasuna: Taldeak
egiten dituen dantzen artean berezia
dena, bere herriko dantza delako, talde gutxik egiten dutelako,
errepertorio horretan oso onak direlako,..."
Direktorioa euskal dantza taldeena da, beraz, aldez aurretik argi
dago bertan izena ematen dutenak Euskal Herriko dantzak egiten
dituztela. Errepertorio berezitasuna galdetu eta "Euskal Herriko
dantzak" jartzen duena aditzera eman nahi du Euskal Herri "osoko"
dantzak egiten dituela, eta hori ondo dago, baina errealitatea da
euskal dantza taldeen %90ak egiten dituela (edo egiten saiatzen dela)
Euskal Herri osoko dantzak. Eremu horrekin aukera eman nahi diogu talde
bakoitzari bere espezialidadea, berezitasuna, zein den esateko. Talde
batzuk gauza asko egiten dituzte ondo, baina beti izaten da esparru bat
besteetan baino emaitza hobea izaten dena, edo akaso oso talde gutxik
lantzen dutena delako, talde hori berezi egiten dutena. Emanaldi gutxi
daudela maiz esaten da, eta emanaldi gutxi izanik talde guztiek
produktu bera edo oso antzekoa eskaintzea ez dirudi horri buelta
emateko bide aproposena.
Eta berezitasunik ez badut? Ez da ezer gertatzen, hutsik utzi
daiteke eremu hori, beste zenbait taldek utzi duten bezala, baina uste
dut taldeentzat mesedegarri dela horri buruz gogoeta egitea. Beste 100
talde badaude nik eskaintzen dudan gauza bera eskaintzen dutenak, ez
litzateke txarra nire eskaintza horri ezaugarri berezi batzuk ematen
pentsatzea hastea. Horrek ez du esan nahi Euskal Herri osoko dantzak
egiteari utzi behar diodanik. Orain egiten dudan errepertorio bera
lantzen jarrai dezaket, baina gure taldea zertan den hobea edo besteek
ez duten zer eskaintzen dudan pentsatzea ez litzateke txarra. Noski,
gaitasun handiko talde batzuentzat Euskal Herri osoko dantzak goi
mailan eskaintzeko duten ahalmena izan daiteke berezitasuna, baina gaur
egun iruditzen zait oso talde gutxi direla horretarako gai, eta talde
guztiek gauza bera eskainiz gero, horiek ere itzalean geratzen dira.
Dokumentuaren akzioak