Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Errenteria Dantzan berezia Ereintzaren 50. urteurrena dela eta

Dokumentuaren akzioak

Errenteria Dantzan berezia Ereintzaren 50. urteurrena dela eta

Urteroko legez, aurten ere Ereintza Dantza Taldea saiatu da egitarau zabala prestatzen eta dantzaren aspektu ezberdinak biltzen Errenteria Dantzan jaialdiko ikuskizuna osatzeko. Ekainaren 21ean hasi eta 29ra arte iraungo du Errenteria Dantzaneko aurtengo edizioak, eta jaialdiaren nondik norako nagusiak ondokoak izango dira. Aurtengo ekitaldia berezia izango da, izan ere, Ereintza Dantza Taldeak 50 urte betetzen ditu aurten, eta hori dela eta, ikuskizunetako batzuk bereziak izango dira, esate baterako ekainaren 21ean jaialdia irekiko duena.
 

Ekainak 21, Larunbata

Ereintza Dantza Taldearen saio berezia, 50 urte

.

20:00etan Udal Kiroldegian (sarrera doan)

 

Ereintza Kaxarranka

Ereintza Dantza Taldeak beti eskaintzen du euskal dantzen saioa Errenteria Dantzan jaialdiaren baitan. Aurten ere eskainiko du ikuskizuna baina berezitasun batekin, gaur egungo dantzariez gain, 50 urte hauetan dantza taldeko kide izan diren hainbat lagun ere ikuskizun horretako partaide izango dira. 110 dantzari izango dira gutxi gora behera, 18 urtetik hasi eta 65 urte ingurura artekoak. Esan beharrik ez dago halako adin ezberdintasun handia duten lagunen arteko ikuskizuna antolatzea berezia eta polita izan dela. Alde horretatik azpimarratu beharra dago parte hartzaileek eta antolatzaileek eginiko ahalegina, dantzariek eta dantzari ohiek ikuskizuna antolatzen jarritako ilusioa. Ekitaldia osatzeko zenbait kolaborazio berezi ere izango dira: musika banda edota erraldoien konpartsa, Ereintza Elkarteko 10 musikari, eta Ereintza Dantza Taldearen ibilbidea errepasatzeko erabiliko diren montaje audiobisualak.
 

Ekainak 22, Igandea

Errusiako dantzen ikuskizuna, 19:30ean Errenteria Hiria Kulturgunean. (sarrera: 3 euro)

Atzerriko folklorea izaten da Errenteria Dantzanek lantzen duen beste aspektuetako bat.  1991. Urtean Errenteria Dantzan hasi zenetik bazter guztietatik etorri izan dira dantza taldeak Errenteria-Oreretara dantzatzera: Hegoafrika, Senegal, Caucaso, Polonia, Eslovakia, Turkia… eta Errusia. Errusiatik etorri zen dantza talde bat 1992an, eta beste guztien artean errusiarrek utzitako oroitzapena berezia izan da, horregatik aurtengorako berriz ere Errusiako talde ekartzeko ahalegina izan da. Dantza konpainia gaztea da, 18 eta 22 urte bitarteko dantzariz osatua, baina ospetsua, Unescoren babesa duen konpainia errusiar bakarra. Frantzian eta Espainian aurreikusita zuten bira egitea ekainaren 24tik aurrera, baina azkenean Euskal Herrian hasiko dute bira, ekainaren 22ko emanaldiarekin.

 

Ekainak 28, Larunbata

Gipuzkoako brokel-dantzen saila.
Ereintza, Kemen, Murixka, eta Sahatsa dantza taldeak eta Udal Txistu Taldea. 19:00etan Zumardian.

Errenteria Dantzan

Ereintza uztai-txiki

jaialdiko bigarren asteburua Gipuzkoako brokel dantzen sailarekin hasiko da. Kasu honetan kalean eskainiko dute ikuskizuna, Zumardian. Ereintzaren ibilbidean Gipuzkoako dantzek toki handia izan dute beti, eta hori dela eta antolatu dute saioa. Baina ez da Ereintza izango protagonista bakarra. Ereintzaren historian talde horrekin lotura izan duten beste zenbait talde gonbidatu dituzte saioa osatzeko. Talde askorekin izaten da harremana eta guztiak gonbidatzea ezinezkoa litzateke, horregatik hiru aukeratu dituzte emanaldi horretarako: Kemen (Irun), Murixka (Lezo), eta Sahatsa (Azkoitia).

 

Ekainak 29, Igandea

Klake ikuskizuna. Barcelona Rhytm Tap Konpainia.
20:00etan Errenteria Hiria Kulturgunean (sarrera: 6-8 euro)

 

Errenteria dantzan klake

Errenteria Dantzan jaialdiko azken ikuskizuna dantzaren beste arlo bati eskainitakoa izango da. Dantza esparru oso zabala dela jakitun izanik urteroko ahalegina izaten da folkloreaz eta euskal dantzaz haratago doazen ikuskizunekin amaitzea jaialdia. Hala, Ballet Biarritz edo Biarritz Junior ikusteko aukerak izan dira besteak beste aurreko urteetan. Aurten Errenterian nahikoa ezaguna den diziplina baten ingurukoa suertatu da ikuskizuna, izan ere klake ikuskizuna izango da, eta udal dantza eskolan irakasten den diziplinetako bat da klaketa. Barcelona Rhytm Tap konpainiari buruz esan dezakeguna,  oso garrantzitsua eta ospetsua dela konpainia hori.

 

Horiek dira Errenteria Dantzan jaialdia osatzen duten ekitaldi nagusiak. Hala ere, ezin ahaztu dugu Ereintza soka-dantzaekainaren 23an urteroko moduan Sanjoan bezperako aurreskua izango dela. Hasieratik antolatu izan da  Errenteria Dantzan jaialdia tradizio historikoa duen ekitaldi horren inguruan, izan ere, herritarrentzat egun berezia da, eta Ereintza Dantza Taldearentzat baita ere. Sanjoan bezperako aurreskua aspalditik egiten da Errenteria-Oreretan baita Euskal Herriko beste toki askotan ere, baina Errenterian ia 50 urte daramatza Ereintza Dantza Taldeak berau antolatzen. Hori dela eta aurtengoa ezin aipatu gabe utzi. Dantza taldeko kideez gain beste herritar batzuk parte hartzea ohikoa izaten da urtero, baina aurtengoa jendetsuagoa izango da 50. Urteurrena dela eta.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.