Dokumentuaren akzioak
Barakaldoko Erreka Ortu taldea geldirik lokal berriaren zain
Urte eta erdi da Barakaldoko Erreka Ortu dantza taldea gelditu zela, eta pandemiari entseatzeko lokalaren arazoa gehitu zaio. Taldearen 55. urteurreneko ospakizunetan behar zuten, baina egoera guztiz bestelakoa da. 2008tik alokairuan zuten lokala utzi behar izan dute, eta Udalak beste lokal bat utzi badie ere, obrak amaitu bitartean entseatzeko espaziorik gabe daude.
Auzoko elizaren lokal huts bat alokairuan hartu zuten 2008an. Ordutik, ordea, prezioa igotzen joan da, eta azkenerako 500 euro ordaindu behar izan dituzte hilero, “guretzat karga handia da hori. Auzoko jaietan txosna jartzen hasi ginen alokairua ordaindu ahal izateko, baina azken urteetan oso zaila egin zaigu diru hori ateratzea”, azaldu digu Aintzane Pradera Erraka Ortu dantza taldeko kideak. Pandemiaren ondorioz entseguak gelditu ziren, diru sarrerak agortu eta alokairuak hor jarraitzen zuen, “horren ondorioz beste konponbide bat bilatzeko beharra genuela konturatu ginen”.
Urteak daramatzate Udalari dantzarako gune bat eskatzen eta, azkenean, taldearen egoera ikusita Erreka Ortuko kultur etxeko espazioa bat dantza taldearentzat izango dela erabaki du. Kontua da proiektua amaitu gabe dagoela, obretan ari dira eta horiek bukatu bitartean dantza taldea kale gorrian dago, “lanak duela hilabete batzuk hasi ziren, eta obrak amaitu arte ezin dugu sartu. Espero da ikasturte hasierarako amatzea, baina ezin digute ziurtatu”.
Kezkatuta daudela dio Praderak, “batez ere gazteek eta umeek kezkatzen gaituzte, beste errutina batzuk hartu dituzte eta dantzarekiko lotura galtzen ari dira. Ez dakigu zenbat etorriko zaizkigun berriro hasten garenean”. Triste daude orain arte izan duten lokala utzi behar izan dutelako, “gure etxea zen, oso gure sentitzen genuen”, baina gogotsu begiratzen diote etorkizunari, “itxaropena eta ilusioa dugu, lokal berriarekin etapa berria irekiko dugu gauzak beste modu batera egiteko”.
Dokumentuaren akzioak