Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Erregin bat galdu dugu, Pantxika Zubiriak utzi gaitu

Dokumentuaren akzioak

Erregin bat galdu dugu, Pantxika Zubiriak utzi gaitu

Erregin bat galdu dugu, Pantxika Zubiriak utzi gaitu

Pantxika Zubiria

Atsekabez jakitera ematen dugu euskal kulturaren aldeko militante nekaezin bat heriotzaren berri. Pantxika Zubiria euskaldunon borroken bihotzean aritu da berrogei urtetik gora. 

Gure iritzian, hiru hitzetan adierazita, zorrotza, fidela eta ausarta zen. 

Gaztaroan Uztaritzen ikasi zuen dantzan Izartxo taldearen baitan. Hor ulertu zuen Euskal Herriko ondare kulturala babestu, gorde eta sustatzearen garrantzia eta premia. Bera izan zen Iparraldean lehenengoetarikoa bai iparraldeko bai hegoaldeko euskal tradizio dantzatuen aberastasuna xeheki agertarazten. 70eko hamarkada zail horietan, maiz bakarrik, hegoaldeko probintziak gurutzatu zituen bere Citroën 2CV-arekin edo oinez ere, ibiltzea maite baitzuen, ikusi, konprenitu eta ikasi nahirik. Edonon zelarik ere, tokian tokiko eragileekin harreman sendoak sortzen zituen. Nafarroa eta bere herritarrak leku berezia zuten bere bihotzean. Euskal dantzaren alorrean erreferentziazko pertsona bilakatu zen, ezagutza fidagarria baitzuen. Dantzaren eta kulturaren alorrean oso ezaguna bihurtu zen: "Pantxika" zen bera. 

Aldi berean, Euskal Dantzarien Biltzarrean parte hartu zuen, eta hogei urte inguruan administrazio eta idazkaritza lanak egin zituen bertan, jarraitasun eta komunikazio gaitasun handia erakutsiz. Euskal dantza eraldatzen lagundu zuen, turistei begira gertatzen ari zen folklorizaziotik askatzen lagunduz eta kontzientzia inarrosiz. Iparrraldean dantzaren alorrean hainbat lagunen dantzarako grina, jakinmina eta zaletasuna sustatzen, eta hainbat dantzariren ikasketan lan garrantzitsua egin zuen. Hain zuzen ere, iprraldeko dantzaren alorreko hainbat agenteren formakuntza eta iratzartzean nahitaezko garrantzia izan zuen berak. Ezer baino lehen, begiak irekitzen lagundu zuen, eta jatorrizko tokietara erakarri, dantzak eta jendeak ezagutu, eta bereziki Lapurdin dantzak berpizteko hainbat ekimenetan inplikatu zen.

LAPURTARRAK elkartearen sortzaile taldeko kidea izan zen, gurekin batera, beste hainbat lanen artean Lapurdiko dantza tradizioen berpizkundea eta PIerre Betelu Dantza Maisuaren atzean Dantza Jauziak bultzatuz. 

Dantzaren eta kulturaren transmisioaren zerbitzura egindako bere ekarpena egiazko militantzia abertzale baten lojikan txertatzen da. Horretan ere fidela , zorrotza eta ausarta izan da. Bere bizitzaldiaren erdian, kontulari lana utzi, ikasketak berhartu eta euskara irakasle bihurtzea erabaki zuen, ibiltari bat.

Umeen transmititzea lehentasuna bihurtu zen beretzat, eta horretan jarri zituen bere indar guztiak, beti adoretsu. 

Bizitzaren azken urteak adineko gurasoen zainketa eta bere gaixotasunaren ondorioz itzalean pasa dira. Azken unera arte, entzuten eta partekatzen zekien pertsona zorrotz, zuzen, fidel eta ausarta izaten jarraitzu du.

Erregin bat galdu dugu... "Pantxika"!

Iruñeko Erraldoien Erregina ateratzen den bakoitzean, zuzen, dotore, zu zaitugu gure pentsamenduetan eta zu izango zaitugu behin eta berriz....

Ez adiorik eta milesker, Laguna... gure Laguna

Thierry TRUFFAUT eta Claude Iruretagoyena

Hiletak Uztaritzeko Arrauntz kartierreko elizan egingo dira. 2017ko Azaroak 25 larunbata, 15:30ean.

Bisitak bere etxean egingo zaizkio, azken bisita egitea nahi diotenentzat. Helbidea: Pantxika Zubiria. Pantxika etxea - 660 Arrauntz bidea - 64480 Uztaritze

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.