Hemen zaude: Hasiera Albisteak Erratzak eta sorginak dantzan Euskal Herrian

Dokumentuaren akzioak

Erratzak eta sorginak dantzan Euskal Herrian

2017/03/28 08:35

Duela gutxi argitaratutako Ingalaterrako erratz-dantzei buruz artikuluari tiraka, Euskal Herrian erratzak dituzten zenbait dantza eta tradizio detektatu ditugu. Nahiz eta trebetasun jokoan oinarritutako era horretako erratz-dantzak ez diren oso ezagunak, badira beste erratz-dantza batzuk, jokoa oinarri dutenak zenbaitetan, eta ezkutuak gertatzen zaizkigun sinboloak gordetzen dituztenak bestetan.

Jolas-dantzen artean, Baztanen, irri-dantzen sortan egin ohi den itsas-dantza edo Isats-dantza aipatu beharrekoa da. Erratza edo isatsa darama dantzarietako batek eskuan, eta gainontzeko dantzariak, atzean, sokan lotzen dira, eta erratza bizkarrean daramak egiten dituen mugimenduak kopiatu behar dituzte. Oker egiten duena erratzaren kolpeekin zigortzen du lehenak. 

1989-90 inguruan Nafarroako TVEko Dantzak izeneko programarako egindako grabaketa honetan ikusi daiteke Baztango itses-dantza.

Bide garbitzaileak

Inauteri giroan, bidea ireki edo garbitzen dutenen artean, ezaguna da adibidez, Ituren eta Zubietako joaldunek isipua daramatela eskuan, zaldiaren buztanarekin egindako tresna bitxi bat. 

Zubieta-Ituren inauteriak 2006
Iturengo joaldunak. Argazkia: Dantzan CC BY-SA

Pettarreko maskaradak 2017 Txerrero
Txerreroa, Pettarreko maskaradak, 2017-01-22. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan.eus CC by-sa
Zaldi isatsarekin egindako isipua, hain zuzen ere zaldiek euliak uxatzeko erabiltzen duten antzeko moduan, batera eta bestera dantzan, ageri ohi da, dilin-dalan, joaldunen joan-etorri erritualetan.

Antzekoa gertatzen da Zuberoako maskaradetan, gorrien taldean, maskaradetako segizio aberats eta koloretsua irekitzen duen txerreroak berak eramaten baitu eskuan isipua. Txerreroaren tresna makila bat izan ohi da, muturretako batean zaldi buztana lotuta duena. Zaldi isatsa alde batera eta bestera astinduz dantzatzen du arribadan eta barrikadan txerreroak, bide irekiz edo nolabait, segizio osoak pasatuko duen bidea "garbituz". 

Hain zuzen ere bidea edo eremua garbitzeko keinu hori ohikoa da hainbat inauterietan. Halaxe egiten dute esaterako, Oiartzungo auzoetan eskean aritzen diren ihote-dantzarien taldeetan. Bisitatu den etxeko ataria erratzarekin garbitzeaz arduratzen den pertsona bat izaten da, sarritan, taldearen gidaria izan ohi dena. 

Oiartzun Ihote-dantza erratza
Oiartzun Ihote-dantza erratza. Argazkia: Oarsoaldeko Hitza

Abaltzisketako txantxoekin joaten den mozorroak ere erratza eramaten du, eta harekin garbitzen du baserriko ataria txantxoek makil-dantza egin aurretik.

Abaltzisketa: txantxoak 2005 - 034
Abaltzisketa, txantxoan makila-dantza egiten baserri atarian eta mozorroa erratza eskuan. 2005-02-06. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC By-Sa

Zalduondoko inauterietan ere ageri dira "kale-garbitzaile" bitxi hauek, makil baten muturrean lotutako trapu zahar batekin kalea "garbitzen" aritzeko plantan ibiltzen dira.

Zalduondo inauteriak 2009 084
Zalduondo, inauteriak, 2009. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC by-sa

Erratzak eta sorgin-dantzak

Denboran atzera eginda, 1942an Tolosan Jesus Eloseguik ateratako sorgin-dantza baten argazkia dago jasota GureGipuzkoan. Dantza jaialdi bat da, zelai erdian eskainitakoa, eta emanaldian parte hartzen dutenen artean, erratzarekin ageri dira zenbait emakume, sorgin tankeran dantzan. Ezezaguna zaigu dantza eta, eta ez dakigu nongoa den dantzan ageri den sorgin taldea. Ekitaldi berean beste dantzari talde bat zuzentzen dagoen dantza-maisua Jose Lorenzo Pujana ote den susmoa dugu.

Sorgin-dantza Tolosan, 1942. Argazkia: Jesus Elosegui - GureGipuzkoa CC BY-SA
Sorgin-dantza Tolosan, 1942. Argazkia: Jesus Elosegui - GureGipuzkoa CC BY-SA

Bestalde, Beasaingo Aurtzaka taldeak 2005ean Goierriko dantzen ikuskizunerako Segura aldean inoiz dantzatu izan zen sorgin-dantza birsortu zuen. Resurreccion Maria Azkuek Seguran, Bonifacia Elorzari ikasitako dantzaren ondorengo aipua baliatu zuen Mikel Sarriegik Sarian Zunzun sorgin-dantza berregiteko:

“SORGIN-DANTZA.- Consiste esta danza de brujas en que unas cuantas niñas montan cada cual en una escoba, mientras ellas y todas las de la cuadrilla cantan repetidas veces esta quisicosa: Sarian zunzun, sarian zunzun, sarian zunzun zena; laun kirinkun; laun kirinkun; laun kirinkun lena. Su melodía es el núm. III. No cabe traducción. Lo aprendí en Segura, de Bonifacia Elorza.”

Aurtzaka Ataun 2015-01-08 120
Aurtzakako haurrek Ataunen egindako erratz-dantza, 2015-01-08. Argazkia: Aurtzaka CC BY-SA

Erratzak elkarri emanez ezpata-dantzaren antzeko egiturak dantzatuz jarri zituen Aurtzakak sorgin-dantzariak, eta ondorioz, 2006an ezpata-dantzen inguruan Eibarren egin zen Ezpalak jaialdiaren lehen edizioan, Segurako sorgin-dantza horren bersortze lana erakutsi zuen Beasaingo dantza taldeak:

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Erratzak eta sorginak dantzan Euskal Herrian

Sorgin-dantza Tolosan, 1942. Argazkia: Jesus Elosegui - GureGipuzkoa CC BY-SA