Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak, Eresoinka Enbaxada Kulturala ekarriko du gogora Donostiako Okendo Kultur Etxean ikusi ahal izango den erakusketa baten bidez. DSS2016EUren Corale proiektuaren baitan kokatzen den egitasmo honetan parte hartu dute Inesferak, Sarako Ondareak, Eresbilek, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak eta Dantzaz konpainiak, eta Obra Social “La Caixa”ren laguntzarekin gauzatu da.
Gernika bonbardatu eta Bilbo galdu ostean, 1937. urtean, Eusko Jaurlaritzak Santander aldera jo zuen. Bertan, Jose Antonio Agirre lehendakariak gutun bat idatzi zion Gabriel Olaizola euskal musikariari, kultura-proiektu bat presta zezan euskal kultura-nortasuna gordetzeko eta hurbiltzen ari zen basakeriaren berri emateko.
Olaizolak garai hartako dantzari, musikari, abeslari eta artista plastiko onenak bildu zituen Saran; besteak beste, artean gazte zen Luis Mariano eta Pepita Enbil. Ikuskizun bat prestatu zuen, Europa osoan barrena zabaltzeko. Taldeak, arrakasta handia izan zuen eta Europako antzokietan barrena jardun zuen, hala nola, Londres, Brusela edota Parisen. 1939. urtean, II. Mundu Gerra hasi zenean Ameriketara eraman behar zituen trasatlantikoak Europara itzuli behar izan zuen gerra piztu zelako orduantxe. Urte hartan bertan desegingo zen Eresoinka.
Erakusketa
“Eresoinka 1937-1939” erakusketa Donostiako Okendo Kultur Etxean izango da ikusgai irailaren 2tik urriaren 22ra bitartean.
Philippe Regnierren ikerketa lanean oinarrituta eta Eresoinkako kide Jesus Eloseguiren argazkiak erabiliz, erakusketa honek erbesteratuek Europa osoan egin zuten bi urteko bira arrakastatsu hura nola bizi izan zuten erakusten digu. Dokumentazio grafikoaren, ikus-entzunezkoen eta garai hartako artikuluen bidez, Eresoinkak enbaxada kulturalaren erbesteko bizimodua erakutsiko du; gerra garaietako erbesteko bizimodua, alegia.
Eresoinkaren itzalak
Gainera, erakusketa osatuko duten hiru ikuskizun izango dira. Lehenbizikoa Dantzaz konpainiak Kea abesbatza garaikidearekin eta Inesfera artista bisualarekin batera antolatutako Eresoinkaren Itzalak izenekoa da, XXI. mendeko enbaxada kulturala izango dena, hain zuzen ere. Ikuskizuna Angeluko Quintaou antzokian izango da urriaren 22an iluntzeko 20:30etik aurrera.
Dantzaz konpainiaren helburua Eresoinka mende bat geroago berraztertzea izan da, mehatxuka ditugun gerra eta erasoak zein diren birdefinitzeko eta “unibertsalean euskalduna izatea” identitatearekin batzeko erronkarekin. Gaur egun, kultura eta artea ere ez dira erasoez libratzen, eta zalantzan jartzen da gizarteari egiten dioten ekarpena. Mundura iristear zegoen hartaz ohartarazi zituen Eresoinkak bai Europa, bai mundua; artearen eta kulturaren bidez ohartarazi ere. Eta egiteko modu hari jarraikiz, Eresoinkaren Itzalak ikuskizunak kantu korala, dantza eta mapaketa batuko ditu parerik gabeko lan batean.
Bestalde, Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak beste bi ikuskizun antolatu ditu. Lehenegoa, Folklorean oinarritua, Donostiako Musikeneko Auditorioan izango da urriaren 29an (20:30). Bertako haur eta gazteen bi abesbatzarik garrantzitsuenek hartuko dute parte kontzertu horretan. Europar dimentsioa berriz Turingo “G” abesbatzaren eskutik etorriko da, Carlo Pavese maisu ezagunaren zuzendaritzapean.
Bigarren emanaldia, aldiz, musika erligiosoan oinarrituko da. XIX. eta XX. mendeetan musika mota hau landu zuten musikagileei keinu bat egiteko helburuarekin jazoko da kontzertua Santa Maria Basilikan (Donostia) azaroaren 5ean (20:30). Bilboko Koral Elkarteak, Easo Araoz Gazte Abesbatzak, Easo Eskolaniak eta Santa Maria Kaperako Instrumentalak parte hartuko dute.
Eresoinkak euskal musikari, abeslari, dantzari eta artista plastiko onenak bildu zituen, eta euskaldunen tradizio sortzailea islatzen zuten dantza tradizionalak, musika, folklorea eta eszenografia batu zituen haren ikuskizunean. Ideia hauek izan dira, beraz, Eresoinkaren Itzalak ekimenaren oinarri.