Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ehungarrenez eskainiko dute Tio Teronen semeek FreshCool ikuskizuna

Dokumentuaren akzioak

Ehungarrenez eskainiko dute Tio Teronen semeek FreshCool ikuskizuna

2019/05/31 09:15
Ehungarrenez eskainiko dute Tio Teronen semeek FreshCool ikuskizuna

Tio Teronen Semeak, FreshCool ikuskizunaren lehenengo emanaldia, Donostia, 2015-05-29. Argazkia: Tio Teronen Semeak

Dantza, umorea eta lagunartea dira Tio Teronen semeak elkartzen dituena. Duela lau urte hiruzpalau dantza taldetako kideak elkartu eta FreshCool emanaldia prestatu zuten. Publikoaren harrera ikusita, ikuskizun modura planteatzea pentsatu zuten. Gaur, ehungarren aldiz plazaratuko dute. Lehenengo aldi hartan egin zuten leku eta ordu berean izango da emanaldia, 20:00etan Donostiako konstituzio plazan.

2015eko maiatzaren 29an, Olatu Talka jaialdiaren barruan, aurkeztu zuen Tio Teronen Semeak taldeak FreshCool dantza emanaldia. Aritz Salamanca taldeko dantzari eta zuzendariak azaldu digu aurrera begira zer izan zitekeen pentsatu gabe hasi zutela ibilbidea, "Olatu Talka jaialdirako egin genuen proiektua. Jaialdia ezagutzen genuen eta gure lana Donostiako plaza batean aurkezteko aukera polita ikusi genuen. Hiru lau hilabete lehenago hasi ginen prestaketekin, inolako pretentsiorik gabe. Pentsatzen genuen lan puntuala izango zela eta bakoitzak bere dantza taldearekin jarraituko zuela". Emanaldiko irudien bideoa birala egin zela dio eta herrietatik hots egiten hasi zitzaizkiela. Arrakasta ikusita, taldeari jarraipena ematea erabaki zuten.

Umorea plazan

Euskal Herriko edozein koadrila kalera edo festara ateratzen deneko momentua irudikatzen dute. Ikuskizunetik, gertutasuna eta umorea euskal dantzarekin uztartzea nabarmendu nahi izan ditu Salamancak, "Ikusleak oso hurbil sentitzen ditugu eta hurbil sentitzen gaituzte. Dantzarien eta ikusleen artean sortzen den interakzioa eta sinbiosia da garrantzitsua gure emanaldian. Orain arte gutxitan disfrutatu izan dugu euskal dantzarekin gauza umoretsuak eginez eta jasoaz. Egia da inauterietako zenbait dantza umorearen bueltan egiten direla edo joko gehiago ematen dutela, baina momentu puntualak kenduta, plazetan ikuskizun bat umorez disfrutatzea euskal dantzaren kodean ez da ohikoa"

Tio Teroenen Semeak
Tio Teronen Semeak, FreshCool ikuskizuna. Argazkia: Tio Teronen Semeak

Taldeko kideak euskal dantza taldeetako dantzariak izanik, iturri horretatik edan dutela nabarmentzen du Salamancak, "Gu dantzariak gara eta gure gorputzaren bidez kontatzen dugu. Kode eta erreferentzi asko euskal dantza tradizionalekoak dira. Egia da beste kode eta diziplina batzuk agertzen direla, baina bai estrukturalki, musikalki eta dantzari dagokionez euskal dantza tradizionalari keinuak egiten dizkiogu.". Ikuskizunak egitura finkoa badu ere, emanaldi guztiak ezberdinak dira, "Inprobisaziorako tartetxoak badauzkagu. Saiatzen gara plazara egokitzen eta momentuan gertatzen diren gauza ezohikoak hartzen eta errekurtso tresna bezala erabiltzen".

Batez ere Euskal Herrian ibili dira lau urte hauetan, baina etxetik kanpo ere aritu dira, Katalunia edota Espainian esaterako. Abuztuan, berriz, Eskoziara doaz Etxepare Institutak bultzatzen duen "ScotlandGoesBasque" egitasmoaren bidez. "Orain badakigu funtzionatzen duela, baina kanpora joan ginen lehen alditan gure dudak genituen", Salamancak azaldu digu ikuskizuna oso errotuta dagoela euskal kulturarekin: dantzak, bertsoak, musika... Eta erreferentzia horiek hemengo jendeak gehienetan ezagutzen dituela, baina kanpokoek ez. Hala ere ikuskizunak arrakasta izan du Euskal Herritik kanpo ere, "ikusi dugu kanpokoek ere errekurtso nahiko dituztela ikuskizuna ulertu eta momentu atsegin bat pasatzeko".

Tio Teronen Semeak, Festamentua
Tio Teronen Semeak, Festamentua ikuskizuna. Argazkia: Tio Teronen Semeak

Ehun emanaldi beteko ditu FreshCool-ek, baina ez da Tio Teronen Semeen ikuskizun bakarra. 2017an, Festamentua ikuskizuna kaleratu zuten, "testuinguru ezberdin batean kokatzen da istorioa, baina berriro ere euskal dantzen bidez eta batez ere umoretik". Horixe omen da berain xedea, "umorea transmititu nahi dugu plazan". Aurrera begirako helburuak zehaztu gabe, momentua disfrutatu nahi dute, "guretzat emanaldi bakoitza koadrilan egoteko aukera da, oso gustura gaude elkarrekin eta oso harreman ona dugu".

Gaurko ikuskizunaren xehetasunez galdetuta, nahiago izan ditu sekretuan mantendu, baina honakoa aurreratu digu: "horrelako egun berezi batean gauza bereziak gertatzen dira. Oso ondo pasatuko dugula badakigu".

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.