Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak EHU, dantza tradizional titulua eskaintzen duen Euskal Herriko lehenengo unibertsitatea

Dokumentuaren akzioak

EHU, dantza tradizional titulua eskaintzen duen Euskal Herriko lehenengo unibertsitatea

2018/09/27 10:15
EHU, dantza tradizional titulua eskaintzen duen Euskal Herriko lehenengo unibertsitatea

Tradiziotik Sorkuntzara, EHU, 2016-11-07. Argazkia: Gari Otamendi-Dantzan CC-BY-SA

Euskal Herriko Unibertsitateak beste ikasgai bat sartu du 2018-1019 ikasturtean bere master eta gradu-osteko propioen eskaintzan: lehen aldiz Unibertsitate Hedakuntza Diploma eskuratzeko azterketa eta prestakuntza xede izango den dantza tradizionala. `Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara´ da prestakuntza eskaintza berezi horren izenburua, eta irakasleak dantza maisu, ikerlari eta koreografo ezagunak izango dira.  

Prestakuntza edukiek euskal dantzen ibilbide teorikoa jasotzen dute, jatorrizko bertsiotik, tradizionaletik, egungo abangoardiako adierazpenetara. Ikasturtearen bederatzi hilabeteak hiruhileko hiru modulutan banatzen dira: “Euskal Dantzaren teoria eta historia”; “Tradiziotik sorkuntzara, esperientzia eta ekarpen berriak”; eta “Musika, dantza eta pedagogia”. Modulu horietako bakoitza modu independentean egin ahal izango da, ikastaro osagarri kalifikazioa du eta 10 kreditu emango ditu. Hori dela eta, Diploma osatzeak 30 kreditu emango ditu guztira. Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza duen irakaskuntza eskaintza berritzailea dantzariei, dantza tradizional eta musika eskoletako irakasleei eta ikasleei… dago zuzenduta, eta euren gaitasunetan sakontzeko eta ezagutza eta espezializazio handiagoak emateko helburua du.  


Eskaintza akademiko berritzailea dantzariei, musika edo dantza tradizional eskoletako irakasle eta ikasleei… dago zuzenduta, eta euren gaitasunetan sakontzeko eta ezagutza eta espezializazio gehiago emateko helburua du. Horretarako, dantza maisuen, ikerlarien eta koreografoen artean izen handikoak diren irakasleak ditu. Beste batzuen artean, hauek aipa daitezke: Jon Maya, dantzaria eta sari asko jaso dituen Kukai konpainiaren zuzendaria; Juan Antonio Urbeltz, euskal folklorearen ikerlari eta Argia taldearen zuzendaria; Iñaki Irigoien, dantzaria eta euskal dantzaren ikerlari aktiboa; Oier Araolaza dantzaria eta antropologoa; Sabin Bikandi (Etnomusikologian doktorea eta Max 2015 sariduna) eta Patxi Laborda AIKO Taldeko musikari eta dantza maisuak; Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektore ohia, Amilotx dantza taldeko zuzendaria; Baionako Maritzuli konpainiako Claude eta Jon Iruretagoyena; edo Jon Gaminde, dantzari eta musikaria. Klaseak jardunaldiekin, solasaldiekin eta saio bereziekin osatuko dira.

Horrela, euskal unibertsitate publikoak herri kulturaren adierazpen berezi bati zuzendutako gradu osteko diploma jarriko du martxan, Europako eta Ipar Ameriketako beste unibertsitate batzuetako irakaskuntza eskaintzan dagoeneko badauden beste ekimen batzuen antzera.

Ikasturtea urritik ekainera luzatuko da Leioako Campuseko Hezkuntza Fakultatean. Modulu bakoitzak ehun ikastordu izango ditu, eta bost orduko saioetan emango dira, astean bi egunez (astearte eta ostegunean 15:30etik 20:30era). Matrikularen prezioa 900 eurokoa izango da (hiru moduluetako bakoitza 300 euro). Matrikula epea irekita dago jadanik, eta UPV/EHUren webgunearen bitartez egin daiteke. Klaseak urriaren 2an, asteartean, hasiko dira.

Ikasleak oinarriak, estrukturak, sistemak eta historia ikasiko ditu, eta kontzeptu teorikoak eta praktikoak gurutzatzeko aukera izango du, euskal dantzen sorkuntza eta eraldaketa ulertzeko, tradiziotik gaur egunera arte. Ikasturtea dantza tradizionalaren oinarrietatik abiatuko da, eta zenbait errepertoriotan sakonduko du, Zuberoako maskaradetan, besteak beste. Gai guztietan abiapuntua tradizioaren ezagutza izango da, sorkuntza garaikidearen alorrean egindako ekarpenetara heltzeko.

`Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara´ Unibertsitate Hedakuntza Diploma

  • Datak: 2018ko urritik 2019ko ekainera
  • Egunak eta orduak: astearte eta ostegunetan, 15:30etik 20:30era
  • Non: Hezkuntza Fakultatea, Leioako Campusa (UPV/EHU)
  • Prezioak: 900 euro (100 ikastorduko hiru moduluetako bakoitza 300 euro; ikastaro bakoitza modu independentean egin daiteke)
  • Ezaugarriak: euskaraz eskainiko da, arlo horretan aurretik ezagutza eta prestakuntza duten pertsonei zuzenduta (dantza eta musika eskoletako irakasleak eta ikasleak, dantza taldeetako kideak, etab.).  
  • Plaza kopurua: 20

 

Informazioa: Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.