Dokumentuaren akzioak
Gazte Topaketak antolatu ditu EDBk dantzari gazteak ahaldundu asmoz
Belaunaldien arteko errelebo ezaren aurrean, gazteak ahalduntzeko helburuarekin ekainaren 30etik uztailaren 2ra Gazte Topaketak antolatu ditu Euskal Dantzarien Biltzarrak Asparrenan (Araba).
“Ikusi dugu 15-25 urte bitarteko gazteak joaten direla dantza taldeetatik hainbat faktore tarteko, ikasketak, lagunak. Badaude haurrak, badaude helduak, baina gazteak falta dira”, azaldu digu EDBko koordinatzaile Erika Garciak. Belaunaldi horren hutsunea ikusita, adin tarte horretako dantzariak motibatu eta ahaldundu nahi dituztela dio: “Pentsatu genuen zerbait egitea beraiek motibatzeko eta konturatzeko beharrezkoak eta inportanteak direla taldeetan”.
Dantzari buruz eta dantzan
Asteburuko programazioan hainbat ekintza bildu dituzte; eztabaidarako espazioak zein dantzarako uneak izango dira. “Dinamika sortzaileak prestatuko dizkiegu ikusteko zergatik uzten dituzten dantza taldeak beren adineko gazteek”, hainbat ariketen bidez gazteei ikusarazi nahi diete taldeetan inportanteak direla; hausnartu, konpartitu eta irtenbideak bilatzea da asmoa. Kanpoko dinamizatzaileek gidatuko dituzte saioak.
Horrez gain, dantzarako beta ere izango da, dantza plaza, kalejira, dantza desafioa... bezalako ekintzak ere sartu baitituzte programan, "gauza da dantzak era natural batean bizitzea eta ikustea dantza ez dela soilik ikuskizunetara mugatzen, baizik eta disfruta dezatela”.
Gazte zein topalekuko herritarren harrera ona
Arabako Asparrena udalerria izango da dantzari gazteen bilgunea. Antolatzaileei kokapen geografiko egokia izan zitekeela iruditu zitzaien, Euskal Herri erdian kokatzen baita. Araian, Asparrenako udalburuan, oso pozik hartu dutela ekimena azaldu digu Garciak, “gainera jaiak dira Araian, jaietako egitaraua eta gure ez zapaltzen saiatuko gara eta sinergiak bilatuko ditugu”.
Hasiera batean ez zekiten ze erantzun izango zuten topaketek, baina bi asteren faltan 50 bat gaztek jada izena eman dute eta oso pozik daude, “kezka da gehiegi apuntatzea, baina hala bada ere pozik eta moldatuko garela uste dugu”. 200 dantzariko muga dute buruan eta izen ematea martxoaren 24ra arte dago zabalik. Momentuz apuntatuta dauden dantzari gehienak bizkaitarrak dira, baina zabalik dago izen-ematea Euskal Herri osoko dantzari guztientzat.
Eskaleta
Ekainak 30, ostirala
- Gazteen Dantza Topaketaren aurkezpena
- Gonbidatuentzako luntxa (Babesleak, laguntzaileak, antolatzaileak,…)
- Dantzarien kokapena
- Afaria
- Dantza plaza
- Talde dinamika
- Itxiera eta agurra
Gazteen Dantza Topaketa
- Data: ekainak 30 - uztailak 2
- Lekua: Asparrena (Araba)
- Izen-ematea: otsailak 27 - martxoak 24. Izen emateko formularioa
- Dantzari bakoitzeko kostua: 60 euroko fidantza. GDT amaitzean, 45€* itzuliko dira (EDBko edozein ordezkaritzatan federatutako taldeetako dantzarien kasuan, baldin eta proposatutako jardueretan parte hartu badute)
- Talde federatuetako dantzariek lehentasuna izango dute talde ez-federatuetako dantzarien aurrean.
Informazioa: Gazteen dantza topaketak
Dokumentuaren akzioak