Dokumentuaren akzioak
Durangaldeko ezpata-dantzari eguna Abadiñon ospatuko da bihar
Larunbatean, uztailaren 11an ospatuko da Abadiñon Durangaldeko ezpata-dantzarien eguna. Gerediaga auzoko foru zelaian bilduko dira aurten parte hartuko duten bederatzi dantza taldeak. Arratsaldeko 18:00etan kalejira egingo dute Matienako Laubide kaletik Gerediagaraino eta bertan 19:00etan hasiko da dantza erakustaldia. Dantza emanaldiaren ostean afaria izango da Garain eta ondoren erromeria Ansorregi taldearekin.
Jon Irazabal omenduko dute
Gerediaga Elkartearen 50. urteurrena dela eta zenbait ekitaldi berezi ere egingo dira eta Jon Irazabal elkarteko kideari ere omenaldia egingo diote egun honetan. Bera izan da azken urteotan ezpata-dantzarien eguna antolatzen duen taldearen buru egin duena, eta Durangaldeko dantzaren alde egindako lana eskertu nahi diote modu honetan. Gerediaga Elkarteaz gain, Abadiñoko eta Garaiko Udalek, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak eta Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartzen duten ezpata-dantzarien egunaren antolaketan.
Ezpata-dantzari eguna 1967. urtean antolatu zen lehen aldiz. 60. hamarkadan merindadeko dantza hauek galtzeko arriskua zeudela ikusita bultzada eman nahian aritu ziren herrietako dantza taldeak eta Durangaldeko adiskideen Gerediaga Elkartea. Harrezkero urtero eskualdeko herri ezberdinetan ospatu dute ezpata-dantzari eguna.
Informazioa: Gerediagako foru zelaian izango da aurten Ezpatadantzari Eguna (Gerediaga)
Dokumentuaren akzioak