Dokumentuaren akzioak
Duguna dantza taldea hautatu dute Boiseko 2020ko Jaialdin izateko
Bost urtetik behin Idahon, Ameriketako Estatu Batuetan, Euskal Herritik kanpo egiten den euskal jaialdi handiena ospatzen da. Jaialdi bakoitzera Euskal Herriko dantza talde bat gonbidatzen da, hautaketa prozesu baten ondoren. 2020ko Boiseko Jaialdirako talde hautatuen zerrenda ezagutzera eman du Jaialdiren antolaketa batzordeak eta Iruñeko Duguna dantza taldea izan da hautaketa prozesuan izendatu dutena.
Duguna dantza taldeaz gainera bi musika talde, Korrontzi eta Esne Beltza gonbidatu dituzte 2020ko Jaialdin parte hartzera.
Euskal dantza festaren erdigunean
Boiseko Jaialdin euskal musika eta dantza, herri kirolekin batera, festaren bizkarrezurra dira. Boiseko Oinkari dantza taldeaz gain, AEBtako hainbat dantza talde, San Francisco, Chino, Bakersfield, Elko edo Renoko euskal klubetatik Idahoko hiriburura hurbiltzen dira, eta emanaldi ugari eskaintzen dituzte, bai hiriaren erdigunean dagoen Basque Block-ean eta baita erakustazoka erraldoian ere.
Bost urtean behin dantzari talde bat gonbidatu ohi dute Jaialdira. 2015ean Iruñeko Ortzadar euskal folklore elkartea izan zen gonbidatua, 2010ean Hendaiako Mutxiko elkarteak, 2005ean Galdakaoko Andra Mari dantzari taldea, eta 1995 eta 2000. urteetan Arkaitz Añorgako Dantzariak.
Dokumentuaren akzioak