Dokumentuaren akzioak
Dresden Frankfurt Dance Companyren koreografia eta musika trilogia Arriagan
Jacopo Godanik zuzenduta, Dresden Frankfurt Dance Companyk koreografia eta musika trilogia ikusgarria eskainiko du Arriaga Antzokiko agertokian. Jacopo Godani mundu osoko koreografo garrantzitsuenetakoak hartu du bere ardurapean William Forsythe dantzaren mitoaren eta aurreko zuzendariaren konpainia, izena aldatu eta gero. Arriaga Antzokiaren eta Dresden Frankfurt Dance Companyren arteko ekoizpenari esker, bi emanaldi eskainiko dira, bat ostiralean, otsailaren 24an, eta bestea larunbatean, 25ean, biak ere arratsaldeko 20:00etan.
Dresden Frankfurt Dance Company, nazioarteko panoramako dantza konpainia azpimarragarrienetakoa, Bilbora helduko da, hiru sorkuntza lanez (Metamorphers, Echoes from a restless soul eta Moto perpetuo) osatutako egitaraua eskaintzeko, dantza eta musika zaleen gozamenerako. Izan ere, bi diziplinek lotura hautsiezina osatzen dute ikuskizun honetan.
Dresden Frankfurt Dance Company Jacopo Godanik, mundu osoko koreografo onenetakoak, zuzentzen du. Konpainiak bi urte baino ez daramatza izen horrekin lanean, baina benetan 2005etik ari da agertokietan, Alemanian bizi zen William Forsythe dantzari eta koreografo estatubatuar ezagunak The Forsythe Company sortu zuenetik. Izan ere, Dresden Frankfurt Dance Company konpainia haren ondorengoa da. Izen aldaketa 2015ean egin zen, Jacopo Godanik bere gain hartu zituenean Forsythe Companyren zuzendaritza eta sorkuntzarako orientazioa. Une horretan Dresden Frankfurt Dance Company izena jartzea erabaki zuen. Godaniren eta Forsytheren arteko erlazio estua urte batzuk lehenago sortu zen, Jacopo Godani Frankfurteko balleteko lider bakarlaria izan baitzen 1991 eta 2000 artean, ballet horren zuzendaria William Forsythe zen garaian, hain zuzen ere.
Dresden Frankfurt Dance Company, Alemanian arrakasta handia lortu duen eta Erroman kritikaren eta ikus-entzuleen txaloak jaso dituen ikuskizunarekin helduko da Bilbora. Jacopo Godanik koreografia eta musika trilogia eskainiko du.Dresden Frankfurt Dance Companyren errepertorioa, nazioartean ezaguna den Jacopo Godani zuzendariaren koreografiek osatzen dute, batez ere. Helburu artistikoa, adierazpenaren birtuosismoan eta dantzarien lanaren erronka fisikoan oinarritutako koreografia hizkuntza sutsua sortzea da. Proposamen paregabe horretan dantza tradizionalaren ondorenak bat egiten du pentsamendu garaikidearekin.
Hiru pieza
Metamorphes
Programako lehenengo sorkuntza lanean, Godanik Béla Bartóken 4 zenbakiko hari laukotearen (1928) funtsa bereganatzen du. Konposatzaile hungariarraren sei hari laukoteak XX. mendeko ganbera musikaren goi mailako lanak dira, eta oso erronka berezia dira musikarientzat, interpreteentzat eta entzule guztientzat, erritmo aberastasunaren eta sofistikazioaren ondorioz. Bartókek, XX. mendeko konposatzaile eta musika intelektual garrantzitsuenetakoak, bere jeinua erakusten du 4 zenbakiko hari laukotea osatzen duten bost mugimenduen bitartez. Godanik, koreografia egitura handia osatuz, naturaltasunez besarkatzen du mugimendua inbaditzen duen musikaltasun bikaina, Bartóken konposizioa irudikatuz. Horrela, Metamorphers musika lana da, inolako zalantzarik gabe: bertan, dantza, musikaren melodia bilakatzen da. Oraingo honetarako, Dresden Frankfurt Dance Companyk primiziazko lankidetza du Kubus Quartett laukote suitzar ezagunarekin. Talde horretako kideek zuzenean interpretatuko dute Bartóken partitura.
Echoes from a restless soul
Maurice Ravelek piano bakarlarirako idatzi zuen Gaspard de la Nuit (1908) triptiko txalotuaren parte diren Ondine eta Le Gibet lanetan oinarrituz dago koreografiatuta. Maisu lan horren –pianorako inoiz idatzi den erronka handieneko partituretako bat– oinarria Aloysius Bertranden poema bat da. Musika sorkuntza lan sinestezin horretan, Ravelek, forma aldetik klasikoa den egituran landutako pianorako teknika berritzailea erabiliz ematen dio bizia Bertranden poemari. Lan zorrotz horren mugen barruan Gaspard de la Nuiten ametsek, munstroz, sirenaz eta gorpuz betetako atmosferak, intentsitate dramatikoak eta eszenak gogorarazten dituzte. Eta Ravelek sortutako mundu sobrenatural horretan, Godanik eta bere konpainiak, paisaia birtuosoa irudikatzen duten pas de deux eta laukote bilduma iradokitzailea eskaintzen dute. Punten erabileraren bitartez mugimendua eta koreografia azpimarratzen ditu Godanik, eta askatasun nabarmena osatzen du parametro estetiko horien barruan. Ravelen partitura, zuzenean interpretatzen du agertokian Ruslan Bezbrozhek, Dresden Frankfurt Dance Companyko piano jole eta nazioartean ospe handia duen kontzertu emaileak.
Moto Perpetuo
Matrize neoklasiko ikusgarria duen lan deigarria da, eta modu garaikideetarako bidea egiteko aukera ematen dio ballet klasikoaren teknikari. Taldeko koreografia sekzio indartsuen bitartez –bertan emakume taldeak ekintza fisikoa indartzen du, punten erabilerarekin–, pieza horrek, konpainiaren funts artistikoa eta nortasuna erakusten ditu. Oraingo honetan, Godani lankidetzan arituko da, berriro ere, Ulrich Müllerrek eta Siegfried Rössertek osatzen duten 48nord bikotearekin. Bikoteak musika paisaia elektronikoa eskaintzen dio koreografoari.
Dresden Frankfurt Dance Companyren ikuskizuna
- Datak: otsailaren 24a (ostirala) eta 25a (larunbata)
- Ordua: 20:00
- Tokia: Arriaga antzokia, Bilbo
- Prezioa: 12 eta 42 euro bitartean, hainbat deskonturako aukera dago (salmentan eta informazioa: www.teatroarriaga.com / 946 850 850 / antzokiko txarteldegietan)
Informazioa: Arriaga antzokia
Dokumentuaren akzioak