Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dferia 2011 dantza eta antzerki feriako dantza eskaintza

Dokumentuaren akzioak

Dferia 2011 dantza eta antzerki feriako dantza eskaintza

2011/02/22 11:38

Dantzaz konpainiaren Mintzo, Helena Golaben Black Diamond, Kukairen Karrikan eta abar aurkeztuko dira besteak beste aurtengo Donostiako Dferia dantza eta antzerki ferian. Egitarau oparoa izango dugu martxoko lau egunetan, 14tik 17ra bitarte, biak barne.

Dantzaz konpainiak Mintzo eskainiko du Gazteszenan. Martxoaren 14an arratsaldeko 17:00tan izango da. "Mintzo"-k mintzairei, komunikazioari eta inkomunikazioari, hizkuntzak baino hobe adierazten duen gorputzari, zalantzei eta goganbeharrei erreparatzen die: guri, gizakioi buruz mintzatzen da. "Mintzo" gizabanakoen arteko ulermenaren, mestizaiaren eta tolerantziaren poema bat da. Dantza klasikoaren oinarrizko bost posizioak oinarri hartuz, balet eta koreografo ezagunenen umore-erreferentziak dauzkaten 100 posizio sortu ditu. Hartara, umorea, birtuosismoa, indarra eta originaltasuna nahasten ditu. Dantza garaikideko izar donostiar eta William Forsytheren dantzari, Jone SAN MARTINek "Gorputitz" sortu du bereziki DANTZAZ Konpainiarentzat Mozarten musika ahaztezina baliatuz.

Helena Golabek Black Diamond lana aurkeztuko digu Victoria Eugenia antzokiko Kluban. Arratsaldeko 19:00tan hasiko da ekitaldia martxoaren 14an. Dantzari eta koreografa independente Helen Golab-ek bere memorian bilaketa egiten du dantzan non hasi zen jakiteko. Ikatz-meatze bat dagoen eta jaio eta hazi zen hirian.

Carni di Prima qualitá, Natxo Monteroren azken lana, aldiz, martxoaren 15an eguerdiko 12:30tan izango da Gazteszenan. Carni di prima qualitá-n gorputza beste era batera antolatu eta nahasten da: ez dago generorik, kontaktuaren bidez sortutako soinua eta mugimendua sortzen duten abiadura eta intentsitate desberdinetako talkak, urratzeak, kontaktua eta azalaren labainketak daude soilik.

Kukai dantza konpainiak, Sorbatza aurkeztuko du egun berberan, hau da, martxoaren 15an Victoria Eugeniako Kluban. Ekitaldia eguerdiko 13:45tan hasiko da. Kukai dantza konpainiak Sorbatza aurkezten du, Karrikan ikuskizuna osatzen duten koreografietako bat. Sorbatza oreka berrezarri nahi duten lau gizonezkoen arteko errituala da. Gerra sinbolo bat, bakea eraikitzeko; bizitzaren símbolo bat heriotzari konjurua egiteko. Katu baten gisan, zazpi aukera dituzte arima apurtzeko, beraiek euren kabuz armonia ekarriko dien jaki ikustezina produzitu baino lehen. Izan ere, edozein gudutatik behin betiko ateratzeko eginbehar sakratua bilatzea agindu zitzaien.

Euskal Herrian lehenengo aldiz ikusiko duguna 8co80 produkzioek Alejandrias, la mirada oblicua izango da. Horretarako aukera martxoaren 16an izango dugu, arratsaldeko 20:00tan hasita Victoria Eugenia antzokian. Alejandrías, la mirada oblicua flamenkoaren inguruko ikuskizuna da, munduko musiketatik Alejandroren konkisten mapatik ateratako paisaia musikala garatuz.

Noemi Viana & Jesus Rubiok, Menu del dia estreinatuko dute Dferian. Martxoaren 16an gaueko 23:00tan da zita Victoria Eugeniako Kluban. “XIV Certamen Coreográfico de Madrid 2010” sariaren irabazle izan den lana eskainiko dute Noemí Viana eta Jesús Rubiok. Horretarako, menu zaporetsu bat osatu dute “Ofeliaren pintxoa”, “Sinnerman”-a, “Bideo-dantza sorbetea” eta “Pi 20” bat bigarren plater moduan aurkezten dutelarik. 

Martxoaren 17an, Vergüenza lana eskainiko du Santamaria Konpainiak. Dferiaren azken egunean izango da Victoria Eugeniako Kluban, arratsaldeko 18:00tan hasita. XXI. mendean gaude, eta oraindik ere ez da egunik albisteetan ahulenek (eta horien artean emakumeek), sufritu behar dituzten zorigaitz, injustizia eta eskasien berri ez datorrenik. Lan hau Aída Badia dantzariarentzako solo gisa pentsatua da, eta zinezko tour de force fisiko eta emozionala da harentzat, lau egoera desesperatutara hurbiltzen gaituelarik: oihu isildua, ikara sorrarazten duen negarra, zurrumurru itoa edo isiltasun inposatu, kaltegarri eta bidegabea.

Dferiako azken dantza eskaintza Caengo zentro koreografiko nazionalak eskainiko duen Manta lana izango da. Martxoaren 17an, arratsaldeko 20:00tan hasita, Victoria Eugenia Antzokian. Héla Fattoumi artista txikitan, emakume tunisiarren Safsari ( buruoihal zuri) delakoarekin ibili ohi zen jolasean, haurrak handi izatera jolastu ohi diren bezala amaren txapinak jantzita. Neskatoa zenean, tradizio arabiar-musulmaneko debeku multzo batean ardaztutako hezkuntzak blaitu zuen. Halabehar hari ihes egiteko, irakurketan murgildu zen, eta hark erakutsi zion auzitan jarri beharra zeukala nahitaez bere jatorrizko kulturaren zenbait alderdi, askatasunaren kontrakoak baitziren. Andre heldu delarik, jabetzen da tradizio hartako zenbait alderdiri ihes egitean izan duen zorteaz eta dantza egitea aukeratu du, bere ibilbideko ekintzak beti mugimenduan jartzen dituen artista izatea.

 

  • Dantzaz konpainia - Mintzo: Martxoaren 14an, 17:00tan Gazteszenan.
  • Helena Golab - Black Diamond: Martxoaren 14an, 19:00tan Victoria Eugenia Kluban.
  • Natxo Montero - Carni di prima qualitá: Martxoaren 15ean, 12:30tan Gazteszenan.
  • Kukai dantza konpainia - Karrikan: Martxoaren 15ean, 13:45tan Victoria Eugenia Kluban.
  • 8co80 produkzioak - Alejandrias, la mirada oblicua: Martxoaren 16an, 20:00tan Victoria Eugenia Antzokian.
  • Noemi Viana & Jesus Rubio - Menu del día: Martxoaren 16an, 23:00tan Victoria Eugeniako Kluban.
  • Santamaria Konpainia - Vergüenza: Martxoaren 17an, 18:00tan Victoria Eugeniako Kluban.
  • Caengo Zentro Koreografiko Nazionala - Manta: Martxoaren 17an, 20:00tan Victoria Eugenia Antzokian.

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.