Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak 50 urte Debako Euskal Jaia, euskal kulturaren aldarri erraldoia ospatu zela

Dokumentuaren akzioak

50 urte Debako Euskal Jaia, euskal kulturaren aldarri erraldoia ospatu zela

2014/03/27 12:40

Txistulari aldizkariak (1965, 42 zkia) jaso zuenez, 50.000 lagun batu ziren Deban 1965eko maiatzaren 16ean Euskal Jaia ospatzeko. Bost tren berezi antolatu ziren, 180 autobus, 1.400 automobil... 30 dantza talde, ehunka txistulari, kantariak, albokariak... Amaia Lamikiz-ek dioenez, bai agintari frankistek eta bai parte harzaile gehienek ere argi ikusten zuten jaialdi honen funtzio sinbolikoak. Isiltasun garaian ahotsa entzunarazteko aukera zen, kontzientzia politikoa eta sentimendu abertzalea kaleratzeko aukera. 1966ko Euskal Jaia Gobernadore Zibilak debekatu zuen, hala ere, bertara joan ziren hainbat lagun, baina goitik behgera poliziak hartuta esnatu zen Deba.

Hemen 1965ko Debako Euskal Jaiaren programa:

Deba Euskal Jaia 1965

Argia astekariak prestatutako Gure Mendea, Ehun Urte Euskal Kultura liburuan, kronika zabala eskaintzen dio 1965ko Debako Euskal Jaiari. "Goiz-goizetik eguzkiak gozatu dituen kaleetan, txistulariak ibili dira gora eta behera, meza izan da hamaiketan (...), abesbatzak eta dantza taldeak herriko ezein txokotan eguerdi aldean, agintariak ere bildu dituen bazkari ofiziala, trikitilariak, pilota partiduak, bertsolariak... Arratsaldean, dantza talde guztiak aritu dira elkarrekin. Hogeita bi, Euskal Herri guztitik etorriak. Txistulariak jo eta bertan bildutakoek bihotza ahoan abestu duten "Gernikako arbola" eta "Agur Jaunak" doinuekin eman zaio amaiera egunari. Ez da esaten, baina bada zerbaiten susmoa. Ez da folklore erakustaldi hutsa izan Debakoa."

Rikardo Arregik Debako 1965ko Euskal Jaiaz esandakoak ere jasotzen ditu Argiak: "Zer pentsatzen dutan gaurko egunaz? Lenengoz erri baten responsabilidadea azaldu dela. Zahar eta gazteen responsabilidadea. Alaitu ta jolastu gera baiñan eskandalorik eman gabe. Bigarrengoz debatarren eta batez ere Deba'ko Oargitarren lan izugarria eta lan ixilla."

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.