Dokumentuaren akzioak
Dantzertiren egoitza EITB dagoen eraikinean ezartzea erabaki dute
Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren leku aldaketaren asmoen berri eman du Hezkuntza Sailak. Eskola Bilboko BAMI eraikuntzara eramango dute, EITBren egoitzaren azpira. 2020. urtearen bukaeran hasiko direla lanekin aurreikusten dute. 3.000 metroko karratuko espazioa egokituko dute eta inbertsioa 4 milioi eurokoa izango da.
Egun Bilboko Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatorioan dago kokatuta Dantzerti. Duela lau urte ireki zituen ateak eta lehenengo promozioa graduatzear denean adierazi dute lekualdaketa izango duela eskolak. Oraingo egoitza musikarako pentsatuta eraiki zenez ez die erantzuten antzerkiak eta dantzak dituen premiei. Bestalde, espazio faltagatik, aurtengo ikasturtean Bilbo eta Barakaldo artean sakabanatutako sei lekutan eman behar izan dituzte eskolak. Hezkuntza Sailak adierazi du azpiegitura berriaren beharrak jasotzen dituen memoria idazten ari direla.
Hamar urteren ondoren
Arte eszenikoen sektorearen urteetako aldarrikapenari erantzunez, goi mailako eskolari forma ematen hasi zirenean, Azkuna Zentroan ezartzeko aukera atera zen mahai gainera. Aukera hori, ordea, baztertu egin zen, Bilboko udalak beste erabilera bat eman nahi izan baitzion. 2010ean Eszenika, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola aurkeztu zuten. Zentroa, orain eraman nahi duten espazio berean kokatuko zela esan zuten, EITBren azpian; baina 2013an proiektua bertan behera gelditu zen. Azkenean, Dantzerti eskola 2015ean ireki zen, behin behinean, Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatorioan.
Espazioaren hainbat gabeziak eta leku fisiko faltak lekualdaketaren beharra ekarri du. Kokapen berria egokitzen 2020an hasiko direla espero da, baina ez dute adierazi noizko bukatzea aurreikusten duten.
Dokumentuaren akzioak