Dokumentuaren akzioak
Dantzaren 2014ko Nazioarteko Eguneko Mourad Merzoukiren mezua
Artista bakoitza bere artearekin harro sentitzen da.
Artista bakoitzak bere ibilbidea irauli duen adierazbide artistikoa defendatuko du.
Bilatu eta galdu duena, eta konpartitzea desio zuena. Dela ahots baten oihartzuna, dela aurkitutako idazkera, gizateriari eskaintzen dion testu baten interpretazioa, harengatik ez balitz unibertsoak hitz egiteari utziko ligukeen musika, dela loriaren ateak irekitzen dituen mugimendua.
Nik dantzarekin dantzariaren eta koreografoaren harrotasuna ditut, eta gainera eskerron sakona. Bera izan da nire zorioneko aukera. Bera bihurtu da nire etika, disziplinaren beraren prestutasunari esker. Berari esker argitzen zait mundua goizero.
Nire baitan da, beste ezer ez den bezala, eta egunero bultzatzen nau berezko dituen energia eta eskuzabaltasunari esker. Bere poesiak betetzen nau.
Esan nezake ez nintzela izango dantzarik gabe? Nire burua adierazteko eman dizkidan baliabiderik gabe? Beldurrak gainditu eta bidegurutzeetan ez galtzeko beregan aurkitu dudan konfidantza gabe?
Berari esker munduaren edertasunean eta konplexutasunean barneratuta hiritar bihurtu naiz, topaketa bakoitzean gizarte kodeak berrasmatzen dituen hiritar, energia negatiboa indar positiboan eraldatzen duen hip-hop kulturaren balioei fidel.
Dantza ohore moduan bizi dut. Arduraz bizi dudan ohorea da. Norabide ezaz ohartzen naiz, frustazioa eta tentsio giroa nagusi den auzo txiroetan hazitako gazteetako batzuk bere bizitza amesteko duten ezintasunaz. Haietakoa naiz, guztiok gara haien modukoak. Etsenpluaren bidez haien bizitzeko gogoa auspotzeko lanean dihardut buru-belarri.
Ez al da gizartea bera aberasten bakoitzaren aberastasunarekin?
Kulturak batu egiten du, edozein mintzaldik baino gehiago. Izan zaitezte ausartak, arriskatu, ez zaitezte kokildu bidean aurkitu dituzuen eragozpen eta gorrotoen aurrean, munduaren edertasuna zuen ondoan izango da beti. Nire ondoan dantza izan den modu berean. Bere indar berezi horrekin, besteak beste desberdintasun sozialak desagertarazten dituena, gure jatorriekin lotzen gaituena, gorputzen mugimendua soilik utziz bere soiltasun gizatiarrean, gizakiak bere adierazbide sinple, bakar eta komunera ekarriz.
René Char-en hitzekin bukatuko dut, egunero gogorazten didatenak ez dugula utzi behar inork aldez aurretik idatzitako paperera kateatu gaitzan.
"Ezarri zure zoria, heldu zure zorionari eta arriskatu zaitez. Ikusi ahala ohituko dira"
Beraz, saiatu, egin akatsak eta hasi berriz, baina batez ere, dantzatu, ez utzi inoiz dantzatzeari!
Mourad Merzouki (Lyon, 1973)
Koreografoa, dantzaria eta Käfig konpainiako zuzendaria
Créteil eta Val de Marneko Zentro Koreografiko Nazionaleko zuzendaria
Dokumentuaren akzioak