Dokumentuaren akzioak
Dantzarako sorkuntza zentroa egingo da Errenterian
Arteleku utzi beharra dago, uholdeei aurre egiteko ingurune horretan egingo den eraldaketa urbanistikoaren ondorioz, eta Errenterian egokituko da Dantzagunea. Lekuona eraikina egokitu bitartean Niessen eraikinean ezarriko dira Diputazioak sustatzen dituen dantza jarduerak. Niessen eraikina egokitzeko 400.000 € bideratuko dituzte erdi-bana Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2015etik aurrera, Lekuonara pasako dira dantza jarduera horiek.
Lekuona 2005etik hutsik dago eta 3.500 metro karratu dituen eraikina da. Arte eszenikoen gunea eta sortzaileek lan egiteko eta kudeatzeko espazioak prestatu nahi dituzte bertan. Eraikina kultura, dantza eta sorkuntza zentrorako egokitzeko 800.000 € bideratzea aurreikusten da. GFAren oharrak dio Errenteriako udalak jarriko duela diru hori, eta Herri Bizian jasotzen denez, zati handi bat Diputazioak finantzatuko du. 2015erako bukatuta egon beharko dira zaharberritze eta egokitze lanak, eta orduan Dantzagunea, sorkuntzarako espazioak, eta dantza, arte eszenikoak eta gorputz espresioarekin lotutako jarduerak bertan egokituko dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, "dantza mailan, Gipuzkoa osoari emango dio zerbitzua Lekuona zentro berriak".
Ikerne Badiola, Gipuzkoako Kultura Diputatuak adierazi duenez, Dantzagunean eskaintzen diren zerbitzuak eta baliabideak “indartu eta zabalduko dira handiagoa den eta hobeto komunikatuta dagoen espazio batera eramanaz”.
Dokumentuaren akzioak