Dokumentuaren akzioak
Dantzarako musika nahi? Hemen duzue talde berri bat: Arrabots
Musikaren eta dantzaren esparruetatik datozen bi lagunen emaitza da Arrabots. Arkaitz Miner errenteriarrak oso gaztea zela ekin zion musikari profesionalaren ofizioari, eta ia hogei urteko ibilbidean hamaika talderekin eta bakarlarirekin aritu da lanean (Joseba Tapia, Ruper Ordorika, Tapia eta Leturia, Rogelio Botanz, Imuntzo eta Beloki, Alaitz eta Maider...). Gari Otamendi añorgatarra bost urterekin hasi zen dantzan Arkaitz Añorgako Dantzariak dantza-taldean, eta geroago Donostiako Argian. Bi taldeotan egin du ibilbide nagusia, dantzari gisa batez ere, baina baita musikari lanetan ere.
Euskal Herriko erromerietan arrabitarekin, edo biolin tradizionalarekin, eta panderoarekin osatutako formazioa ohikoa zela diote hainbat dokumentuk, baina ez da gaur arte tradizioz jaso dugun orkestra eredu bat. Biolinaren eremu musikala zabala izanik ere, joan den mendean, eta salbuespenak salbuespen, bigarren planoan, edo lagungarri gisa erabili izan da biolina. Arrabotsen asmoa da biolinari nortasun propioa ematea herri-musikan: biolina arrabita izatea.
Azken hamarkadan, hainbat erromeri, festa eta saio partekatu ondoren, 2009ko udazkenean ekin zioten biek arrabitarentzako errepertorioa eta jotzeko moldea eta estiloa batera lantzeari. Biltze horren emaitza da Arrabots.
Bi arrabitariekin batera, musikari eta dantzari trebatuek osatzen dute Arrabots. Txus Aranburu (Egan, Tapia eta Leturia, ...) ereñozuarraren teklatuak eta Iñaki Otegi (Imuntzo eta Beloki, ...) añorgatarraren atabalak eta panderoak osatzen dute taldearen soinua, sotila eta indartsua. Eta jende artean egongo da, bi ordu inguruko dantzaldiaren gidari, Jokin Otamendi (Arkaitz Añorgako Dantzariak, Argia, Tapia eta Leturia), Añorgako dantza-maisua.
Arrabots
arrabots@gmail.com
tfn. 670 655 175 / 635 741 995
Dokumentuaren akzioak