Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza tradizionalean espezialista unibertsitate titulua Madrilen

Dokumentuaren akzioak

Dantza tradizionalean espezialista unibertsitate titulua Madrilen

2012/12/11 11:34

Berezko titulua eta sarbidea

Eskaintzen den titulazioa berezko tituloa edo "titulu propio" erakoa da. Hau da, ez du beste ikasketa batekin baliokidetasunik eta unibertsitate horrek ematen duen agiria da. Aurrera begira Bolognako unibertsitate erreformara egokitu eta gradu titulua eskuratzeko helburua dute antolatzaileek.

Oraingoz, gradu-ondoko ikasketa moduan aurkezten da, eta ondorioz, unibertsitate mailako gradu, lizentziatura eta diplomaturaren bat izan behar da ikasketan onartua izateko, baina horren ondoan beste aukera bat jarri dute sarbidea erraztu dezakeena: dantzaren alorrean bost urteko eskarmentu profesionala frogatuz gero ez dago unibertsitate ikasketen agiri beharrik.

Lehen ikasturtean Extremadurako dantzak

Urtero folklore eremu bati erreparatuko diote ikasketek, eta lehen ekitaldi honetan Extremadurako dantzak hartu dituzte gaitzat. Ondorioz, ikasketetan, gai orokorrak landuko dituzte, eta errepertoria modu irekian aztertuko dute, baina atentzio berezia jarriko dute Extremadurako folklore dantzetan. Extremadurako gobernu autonomikoarekin hitzarmena sinatu dute, eta titulo hau extremaduran dantza tradizionalak irakasteko agiri baliagarria izango da. Ondoko urteetan beste eremu batzuei begira jarriko dira ikasketak eta beraz, horietan espezializatutako tituloa izango da.

Linares-en ametsa

Juan Jose Linares dantzari eta folklore ikertzaile galiziarra izan zen ikasketa hauen bultzatzailea. Linares-ek kontserbatorioan egin zituen bere ikasketak eta tematuta zegoen dantza tradizionaleko ikasketak unibertsitatean egiteko aukera lortzearekin. Hainbat ahaleginen ostean, 2009an lortu zuen Madrileko Juan Carlos I. Unibertsitateak onartzea bere proposamena, baina tamalez, bere ametsa egia bihurtzeko unean, 2009ko azaroan, hil egin zen Linares.

Linares-en ikasle eta irakasle lanetan ordezkapenak egiten zizkion Estela Alarcón-ek bere maisuaren ekimena bere gain hartu zuen, eta horrela, 2012. urte honetan abiatu dira dantza tradizionaleko espezialista ikasketak Juan Carlos I. Unibertsitatean. "Alicia Alonso" Dantza Unibertsitate Institutuak eta Espainiako Folklore Elkarteen Federazioak parte hartzen dute ikasketen antolaketan.

Ikasturte bakarra eta asteburutan

Titulua ikasturte bakarrean mamituko da. Asteburuetan egiten ari dira saioak, eta guztira hamasei asteburu izango dira. Ordutegi trinkoa dute saioek, larunbatetan goizeko 8:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 21:00etara eta igandetan 8:00etatik 15:00etara. 19 ordu asteburu bakoitzean. Guztira, 304 ordu. Ikasturte bukaeran, agiria eskuratzeko, tokian tokiko ikerketa lan bat burutu beharko dute ikasleek.

Hogei ikasle lehen edizioan

Abian da ikasturtea, azaroaren 24an egin zen lehen saioa, eta hogei ikaslek eman dute izena Dantza tradizionalean espezialista titulu hau eskuratzeko asmoz. Espainiako hainbat eskualdetako dantza irakasleek eman dute izena: Andaluzia, Extremadura, Gaztela, Madril, Burgos, Zamora, Leon eta Murtziakoak, besteak beste.

Ikasketa planak, irakasleak, egutegia eta beste hainbat xehetasun aurki daitezke ikasketa hauei buruz prestatu duten webgunean:

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.