Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza taldeen emanaldiak baimendu ditu Jaurlaritzaren dekretu berriak

Dokumentuaren akzioak

Dantza taldeen emanaldiak baimendu ditu Jaurlaritzaren dekretu berriak

2021/05/13 10:05
Dantza taldeen emanaldiak baimendu ditu Jaurlaritzaren dekretu berriak

Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Atzo zalantzak bagenituen ere, dekretu berriaren gaztelerazko testuaren arabera dantza talde amateurren emanaldiak baimenduta daudela ikusi dugu. Euskarazkoa bakarrik irakurrita sarrera argitaratu ondoren, Mikel Olanok ohartarazi gaitu dekretuaren gaztelaniazko bertsioak honakoa jartzen duela: "Se permiten los ensayos y actuaciones de grupos no profesionales de danzas". Euskarazkoan, ordea, entseguak bakarrik ageri dira, emanaldiak ez dira aipatzen. Badirudi itzulpenean galdu dela dantza emanaldien baimena. Beraz, gazteleraz behintzat, dantza taldeen emanaldiak baimendu ditu Jaurlaritzak, beti ere, segurtasun neurriak zorrotz beteta.

Entseguen protokoloa?

Dantza-talde ez-profesionalen entseguak baimenduta jarraitzen dutela adierazi du Eusko Jaurlaritzak 2021eko maiatzaren 8an argitaratutako dekretuan. Honela jaso da dantza entseguen informazioan:

Dantza-talde ez-profesionalen entseguak baimenduta daude, eta betiere zorrotz errespetatu beharko dira pertsonen arteko segurtasun-distantziaren eta maskara erabiltzearen prebentzio-badintzak. Nolanahi ere, prebentzio-neurrien protokolo bat izan beharko dute, Osasun Publikoareneta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak jasoko dituena.

Baina honen aurreko dekretuarekin alderatuta, oraingoan, ez da adierazten elkartu daitezkeen dantzarien kopurua. Orain arte sei kideren artekoa zen muga. Zenbakirik ez zehazteak nahi adina dantzari elkartu daitezkeela esan nahi ote du? Ez dirudi hori horrela denik, orain esaten baita taldeek prebentzio-neurrien protokoloa izan beharko dutela, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak jasoko dituena. Baina zein dira jarraibide horiek? Argi gelditu da dantza taldeek entseatu ahal dutela, baina entseguak nola egin daitezkeen zehazteko orduan lehen baino zalantza gehiago dago orain.

Amateurren dantza emanaldiak?

Orain arte indarrean zen araudian profesionalek soilik eskaini zitzaketen kultur-emanaldiak. Dekretu berriaren gaztelerazko bertsioak musika- eta ahots-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalek baimendu ditu, baina euskarazko bertsioak dantza emanaldi amateurrak ez ditu espreski aipatzen. Gaztelaniaz idatzitako dekretuan, berriz, argi adierazten da "dantza talde ze profesionalen entseguak eta emanaldiak" onartzen direla.

Ostera, erromeriarik eta jaietako dantza desfile eta emanaldiak debekatuta jarraitzen dute. Abuztuko dekretuak zioenez "Ezin izango da erromeriarik edo musika- edo dantza-erakustaldirik egin espazio irekietan, ez eta bestelako herri-ekitaldirik ere, esaterako, desfile gisako ikuskizun ibiltariak, edo jendeak bide publikoan lagundutakoak". Horren inguruko aldaketarik ez du adierazi 2021ko maiatzaren 8ko Eusko Jaurlaritzaren dekretuak, eta, beraz, badirudi erromeria, kalejira eta aforoa kontrolatu gabeko dantza ekitaldi irekirik ezin dela antolatu oraingoz.

Emanaldiak antolatzeko neurriak

Entseguetatik aparte, kultura-ikuskizunak egiteko baldintzak eta neurriak eguneratu ditu dekretuak. Dantza talde amateurren emanaldiak baimenduta dauden unetik aurrera neurri hauek bete beharko dira ekitaldi horien antolaketetan. Areto itxietan bete beharreko baldintzei buruz hauxe dio dekretuak:

Kultura-ikuskizunak egin ahal izango dira publikoarekin instalazio propioetan edo kirol-gune itxietan edo beste eraikin mota batzuetan, gehienez ere ehuneko 50eko edukierarekin, eta gehienez ere 400 pertsonarekin. 1.600 pertsonatik gorako edukiera duten aretoetan, gehieneko edukiera 600 pertsonakoa izango da. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan (bizikidetza-unitateak ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira).

 

Bestalde, dekretu honek aire zabaleko kultura emanaldiak gauzatzeko neurriak ere xehetzen ditu:

Aire zabaleko kultura-jarduerak eta -ikuskizunak egitea baimentzen da, baimendutako edukieraren ehuneko 50eko gehieneko edukierarakin, eta gehienez ere 600 pertsonara arte. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara nahitaez erabili beharko da, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu (bizikidetza-unitateenkasuan izan ezik, elkarren ondoko eserlekuetan eseri ahal izango baitira). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da. Artista-taldeei dagokienez, interpreteenarteko interakzioa baimenduta egongo da ikuskizunak irauten duen bitartean.

Areto itxietan izan ala aire zabaleko espazioetan izan, emanaldi guztiak 22:00ak baino lehenago bukatu behar dira.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.