Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzaren kudeaketa ekonomikoarako lan gida aurkeztu du ADDEk

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren kudeaketa ekonomikoarako lan gida aurkeztu du ADDEk

2021/04/07 09:05
Dantzaren kudeaketa ekonomikoarako lan gida aurkeztu du ADDEk

NODE. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Dantza-irakasleek, irakasleak kontratatzen dituzten dantza eskolek, akademiek eta elkarteek, eta dantzaren alorreko profesionalek dantzaren kudeaketan egin beharreko faktura, kontratu eta fiskalitatearen inguruan argibide ugari eskaintzen dituen dantza profesionalentzako lan gida osatu du Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak. Dantza munduan lanean dabilen norbanako eta taldeentzat sortu da gida: interpretazioan, sorkuntzan, koreografian, irakaskuntzan edo zerikusia duten askotariko profiletan dabilen pertsonentzat izan daiteke baliagarria.

Ze informazio ematen du?

Gidan jaso da dantzako lan esparrua zer den ulertzeko oinarrizko informazioa. Horrez gain, dantzarekin lotutako lanbide jarduerarako gutxieneko kopuru eta eskubide batzuk ere proposatu dira; lan baldintzei lotutako gomendioak jaso nahi izan dira, batik bat. Adibidez, kontratuaren garrantzia azpimarratzen da, kontratu motak eta horietan ze jaso beharko litzatekeen. Artistek gainerako langileekin alderatuta duten errealitate profesional ezberdina denez artisten erregimenean alta ematea gomendatzen zaie dantzariei. Konpainia batentzat lan egiten denean, hainbat fase edo aldi daude, eta gida honek fase bakoitzeko eskubide eta betebeharrak azaltzen ditu. Lan denbora, kontratazioa edota baldintza ekonomikoen inguruan ere hitz egiten du. Besteren konturako langile zein norbere konturakoentzako gomendioak luzatzen ditu (fakturazioa, zergak...).

Gidak Euskadiko dantza profesionalei informazioa eman nahi die; izan ere hainbat dokumentuk zalantzak sortzen dituzte, eta interpretazio desberdinak izan ditzaketen alderdiei buruz hitz egin nahi du ADDEk egin duen gidak. Dantzariei azalpenak emateaz gain, eragile eta erakundeengana iristea ere nahi da gidaren bidez, lan eta kontratu harremanetan erreferentzia izan dadin.

Dantza eskoletako zuzendariei eta irakasleei

Esaterako, dantza eskolen eta haien langileen artean sinatutako lan-harremanetan honako sektoreko hitzarmena gomendatzen du ADDEk: Ile-apainketa eta Estetika, Musika Irakaskuntza eta Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako Ikastetxeen Estatuko Hitzarmen Kolektiboa. Dantza maisuentzako zein kontratu mota izan daitezkeen egokienak ere ere azaltzen du; ohikoena aldizkako kontratu finkoa egitea dela dio. Dantza irakasleentzako gutxieneko soldatak ere proposatzen ditu eta aipatzen du egokiena orduko kobratzea dela. Horrela, kobraketa ziurtatzen baita, portzentajearen arabera adostuz gero, ikasle kopuruaren arabera galtzaile ateratzeko arriskua baitago.

Dantzarako espazioak kudeatzen dituzten pertsona edo taldeentzako gomendioak eta informazioa ere jaso da. Autonomo, sozietate mugatu, elkarte edo kooperatiba moduan aritzearen ezberdintasunak adibidez: kasu bakoitzean ordaindu beharreko zergak, kontabilitate betebeharrak, fakturazioa... Dantza eskola edo aretoa irekitzeko lortu beharreko lizentziak ere aipatzen ditu, edo irekitze baimenaren kostua. Baita dantza espazioa irekitzeko eman beharreko pausoak ere.

Profilaren araberako ibilbideak

Gidan sartzeko lau ibilbide proposatzen ditu ADDEk, lanbide profilaren arabera:

  • Beste pertsona batzuentzat dantzatzen baduzu edo artista gisa parte hartzen baduzu A-Ibilbidea (pdf)
  • Zure sorkuntzak dantzatzen badituzu, proiektu artistikoak sortzen badituzu edo jende gehiagori zuzentzen badiozu B-Ibilbidea (pdf)
  • Besteren eskoletan irakasten baduzu C- Ibilbidea (pdf)
  • Prestakuntza-eskola edo-zentro bat baduzu D-Ibilbidea (pdf)

Informazioa: ADDE, Dantza profesionalentzako lan gida

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.