Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza plazetan egitasmoaren X. edizioa

Dokumentuaren akzioak

Dantza plazetan egitasmoaren X. edizioa

 “Dantza Plazetan” egitarauaren edizio honek eszenatoki gehiago izango ditu, eta Bilboko15 plazatara helduko da, Solokoetxe, Sarriko, Ibarrekolanda eta Zorrotza auzoak gehitu baitira.

Bilboko 7 talderen parte hartzea izango duen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren egitarauak beste urte batez jarraitzen du, gure folklorea kontserbatzeko, ikus-entzule guztiei gure dantzen aberastasuna erakusteko eta herrietako plazetan egiten ziren erromeriak berreskuratzeko asmoz.

Gainera, aurten, Gaztedi Dantzari Taldearen, gure hirian urte gehien daramatzan dantza elkartearen, 60. urteurrenarekin bat

etorriz, zenbait ekimen bultzatuko dira, besteak beste, Begoñako Udaltegian, lehen mailako artistek, Kepa Junkerak, Ibon Koteronek, Jon Mayak edo Kepa Artetxek, besteak, beste, emango dituzten musika eta dantza tailerrak, doakoak, adibidez.

Halaber, Gaztedirekin lanean ari gara, uztailean Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen BILBOKO KALEALDIAren – Kaleko Antzerki eta Arteen Nazioarteko Jaialdiaren barruan, 300 dantzari inguru bilduko dituen ikuskizun ibiltari handia antolatzeko.

Bilbon, 2011ko otsailaren 22an. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ‘Dantza Plazetan’ egitarauaren edizio berria, hamaikagarrena, jarri du martxan, euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuz, herrietako plazetan egiten ziren erromeriak, dantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiz. Egitaraua aurrera eraman ahal izateko, Udalak Bilboko zazpi dantza talderen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra federazioaren laguntza aktiboa du.

“Dantza Plazetan” Egitarauaren aurtengo edizioak 44 emanaldi biltzen ditu, urtean zehar banatuta Deustuko, Begoñako, Ibaiondoko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietako plazetan. Aurten lau kokaleku berri gehituko dira, Solokoetxe, Ibarrekolanda, Sarriko eta Zorrotza auzoetan.

Programaren barruan hiru erromeria aurreikusten dira asteburu honetan, larunbatean (otsailaren 26an), Aita Donostia (19:30etan), Santiago (20.00etan) eta Deustuko San Pedro (20.30etan) plazatan, Beti Jai Alai, Salbatzaile Dantza Taldea eta Deustuko Folklore Taldea elkarteen eskutik, hurrenez hurren. Horrez gain, igande goizean (11.30etan), Ondalanek erraldoien kalejira eskainiko du Deustuko auzotik.

Aipatutako lau horiekin batera, ekimen honetan parte hartuko duten gainerako taldeak  honako hauek izango dira: Bihotz Alai Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra eta aurten ekimenarekin bat egingo duen eta bere auzoan, Zorrotzako Merkatu plazan, emanaldi bat eta erromeria bat eskainiko dituen Ibai – Arte izango dira.

Dantza eskoletara

Hala ere, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak euskal dantza tradizionalak sustatzearen alde egiten duen apustua oinarrian hasten da, 'Dantzak Eskoletara' izeneko egitarauarekin. Horren bitartez, dantza tradizional ikastaroak ematen dira Bilboko zenbait herri ikastetxetan –eskola orduetatik kanpoko ordutegian–, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren elkarlanari esker.

Ikasturte honetan, 5 eta 12 urte arteko 300 ikasle inguruk hartu dute parte ekimenean, eta guztira 450 orduko prestakuntza eskaini zaie, honako ikastetxe hauetan: Basurtu, Cervantes, Gabriel Aresti, Iruarteta, Pagasarribide, San Inazio, Birginetxe, Deustu Ikastola, Felix Serrano, Eskurtze, Pio Baroja eta Txurdinaga.

Izan ere, “Dantza Eskoletara” egitarauko ikasleek zenbait emanaldi eskainiko dituzte datozen hilabeteetan. Lehenengo hitzordua Inauterietan izango da, Plaza Barrian, martxoaren 4an, arratsaldeko 17:30etan, eta hurrengoa apirilaren 10ean, Errekaldeko plazan (eguerdiko 12:00etan).

 Gaztedi dantzari taldearen 60. urteurrena

Jarduera horiez gain, Kultura eta Hezkuntza Sailak lagunduko ditu Gaztedi Dantzari Taldea sortu zenetik 60 urte igaro direla eta, urtean zehar aurrera eramango diren zenbait ekimenetan.

Ekimen horietako lehena, asteburu honetan (otsailaren 25ean eta 26an) Begoñako Udaltegian burutuko diren musika eta dantza tailerrak izango dira. Guztira zortzi prestakuntza saio antolatuko dira, datorren apirilaren 2ra arte; ostiraletan eskainiko dira musika tresna tradizionalei eskainitakoak –arratsaldeko 19:30etatik 21:00etara– eta larunbatez izango dira dantza tailerrak –goizeko 11:00etatik 13:35etara–.

Tailer horiek ospe handiko profesionalek emango dituzte, Kepa Junkerak, Ibon Koteronek, Jon Mayak edo Kepa Artetxek, besteak beste. Sarrera librea eta doakoa izango da, guztiei zuzenduta egongo da, eta ez da beharrezkoa izango aurretik ezagutza maila alturik izatea.

Tailerrei hasiera emango diotenak Ibon Koteron, egungo folklorearen erreferente dena (25ean), albokaren bilakaerari buruzko saioarekin, eta bere klasea euskal folklore tradizionalaren berrikuspenean oinarrituko duen Natxo Montero (26an) dantzari eta koreografoa izango dira.

Programa honako egun hauetan osatuko da: martxoaren 18an eta 19an, Jose Manuel Agirre (dultzaineroa eta musika tresna egilea) eta Patxi Laborda dantza irakaslea eta koreografoa; martxoaren 25ean eta 26an Kepa Junkera eta zazpi aldiz Euskadiko Aurresku txapeldun izan den eta Kukai konpainiaren zuzendari den Jon Maya dantzaria; eta egitarauari amaiera emanez, apirilaren 1ean eta 2an, Sabin Bikandi (txistularia eta Etnomusikologian doktorea) eta aspalditik euskal dantza tradizionalen irakasle eta ikerlari den Kepa Artetxe galdakaoztarra. Ordutegiei eta edukiei buruzko informazio guztia www.bilbao.net web gunean eta Gaztediren 60. urteurrenari buruzko gunean, blog.gaztedi.net, jaso ahal izango da.

Gaztedi Dantzari Taldearekin beste jarduera batzuetan ere ari gara lanean euren 60. urteurrena ospatzeko. Horrela, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen BILBOKO KALEALDIAren – Kaleko Antzerki eta Arteen Nazioarteko Jaialdiaren barruan, jaialdi horretarako beren beregi diseinatutako dantza ikuskizun ibiltaria antolatuko da Bilboko Zazpi kaleetatik, eta urteko azken hiruhilekoan, Arriaga Antzokian barruko ikuskizuna eskainiko da, urteurrenaren ospakizunei amaiera ezin hobea emateko.

"Dantza plazetan" egitaraua (otsaila, martxoa eta apirila)

  • Otsailak 26, 19:30etan, Aita Donosti. Beti Jai Alai (erromeria)
  • Otsailak 26, 20:00etan, Santiago pl. Salbatzaile Dantza Taldea (erromeria)
  • Otsailak 26, 20:30etan, San Pedro pl. Deustuko Folklore Taldea (erromeria)
  • Otsailak 27, 11:30etan, Deustua. Ondalan (kalejira)
  • Martxoak 12, 11:30etan, San Inazio. Ondalan (kalejira)
  • Martxoak 18, 19:00etan, Deustua. Ondalan (kalejira)
  • Martxoak 26, 20:00etan, Santiago pl. Salbatzaile Dantza Taldea (erromeria)
  • Martxoak 26, 20:30etan, San Pedro pl. Deustuko Folklore Taldea (erromeria)
  • Apirilak 23, 11:30etan, Elorrieta. Ondalan (kalejira)
  • Apirilak 30, 20:00etan, Santiago pl. Salbatzaile Dantza Taldea  (erromeria)

 

Erromerien, emanaldien eta kalejiren egutegi osoa Bilboko Udaleko web gunean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.