Dokumentuaren akzioak
Dantza Plazan berriro ere martxan da Gasteizen
Urtebeteko geldialdiaren ondoren, osasun neurriak hartuta eta lekuz aldatuta, Dantza Plazan programari ekin diote Gasteizen. “Oso hunkigarria izan da hasiera, jendea dantzarako gogoz dago”, azaldu digu Jon Fernandez antolatzaileetako batek. Udal Folklore Akademiak, herritarrak plaza dantzetara gerturatzeko hainbat dantzaldi antolatu ohi ditu, eta aurreko urtean dena bertan behera gelditu bazen ere, aurtengoan berriro heldu diote ekimenari. Maiatzaren 7an hasi ziren, eta dagoeneko hiru saio egin dituzte.
EAEn oraingoz erromeria irekiak debekatuta daude, beraz, baimena eskuratzeko, plaza guztiz itxi, sarrera kontrolatu eta izen-ematea antolatu behar izan dute. Dantzariek uneoro musukoak erabiltzea derrigorrezkoa da eta kontaktu fiskoa eskatzen duten dantzak baztertu dituzte. Maiatza, ekaina eta iraileko zenbait ostiraletarako iragarri dituzte hurrengo dantzaldiak.
Egokitzapenak eta aldaketak
2020an ezinezkoak izan zen, baina aurten hainbat aldaketekin eta egokitzapenekin dantza saio horiek antolatzeko aukera ikusi da. Plaza Berritik Florida Parkera aldatu dute dantzarako eremua, espazio hori ixteko egokiagoa baita. Hesiekin eta gortinekin estali dute ingurunea eta errepertorioan ere hainbat aldaketa egin dituzte, batez ere, dantzarien arteko kontaktu fisikoa saihesteko. Horrez gain, parte-hartzaileek momentu guztian musukoak jantzita izan behar dituzte. Lehenengo saioa 80 pertsonako edukiera mugarekin egin zuten, bigarrena 100 pertsonakoarekin eta, azkena, 120koarekin; datozenetan ere kopuru horri eustea aurreikusten dutela esan digu Fernandezek.
Sarrerak aurrez
Dantzaldian parte hartu nahi duenak aurrez eskuratu behar ditu doako sarrerak, ekitaldi aurreko astelehenean. Pertsona bakoitzak gehienez 4 sarrera jaso ditzake. Horretarako, 945 16 16 18 deituta edo online erreserbatu daitezke sarrerak.
Dantza Plazan 2021
- Maiatzak 7, 20:00etan
- Maiatzak 14, 20:00etan
- Maiatzak 21, 20:00etan
- Maiatzak 28, 20:00etan
- Ekainak 4, 20:00etan
- Ekainak 18, 20:00etan
- Irailak 10, 19:30ean
- Irailak 17, 19:30ean
Dokumentuaren akzioak