Dokumentuaren akzioak
Dantza ikusteak eragin positiboa du ongizatean
Gaur ere makina bat ikuslek hobetuko du bere ongizatea San Fermin eguneko dantzak ikusteari esker. ;-) Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC BY-SA
Dantza egiteak dakartzan onurak maiz aipatzen dira, baina oraingoan Balear Uharteetako Unibertsitatean (UIB) defendatu den Doktorego Tesi batek berretsi du dantza ikusteak ere mesede egiten diela ikusleei, eta bere ongizatea hobetzen laguntzen duela. Dantza ikusteak ikusleen ongizatean eragin positiboa duten erantzun afektibo neurgarriak gertatzen direla frogatu du Julia Frimodt Christensen ikertzailearen lanak.
Christensen-ek Dance moves: Affective responses to expressive body movement [Dantza mugimenduak: gorputzaren mugimendu espresiboek eragindako erantzun afektiboak] izeneko doktore tesia defendatu du. Kultura eta garai guztietan gizakien egunerokoan dantza presente izan dela kontuan hartuta, giza burmuinean dantzak duen eragina aztertu du.
Musika eta dantzaren sinkronia
Dantza mugimenduen liburutegi bat prestatu eta mugimendu horiek ikusleen aurrean eginez horien gorputzean duten eragina neurtu du Christensen-ek. Ikusleen hatzetan elektrodoak jarri eta dantza ikusteerakoan sortzen diren erantzun afektiboak neurtu ditu.
Musika eta dantzaren arteko sinkronia gertatzen denean eragina areagotu egiten dela ikusi du Christensen-ek. Dantzariak eta dantzari ez direnen artean dauden diferentziak ere neurtu ditu ikertzaileak, eta ikusi du dantzari trebatuak emozionalki sensibleagoak direla mugimenduen aurrean dantzaren mundutik aparte dabiltzan ikusleak baino.
Dokumentuaren akzioak