Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak dantza.eus domeinua izango dugu

Dokumentuaren akzioak

dantza.eus domeinua izango dugu

2014/06/12 11:15

PuntuEus fundazioak .eus domeinua izango duten 91 aitzindariak izendatu ditu, eta horien artean dantzan.com-ek eskatutako dantza.eus dago. Ekainaren 21ean aktibatuko dira .eus lehen domeinuak. 

'n' gabe?

Bai, begi zorrotza duzuenak ohartuko zineten, dantza.eus idatzi dugula, eta ez dantzan.eus, alegia, bukaerako 'n' gabe idatzi dugula. Honek azalpen bat behar du, noski. Gure webgunea dantzan.com da, bukaeran 'n' duela, eta hau kudeatzen duen elkarteak ere berdin du izena. Beraz, zergatik orain 'n' gabe? 2002an dantzan.com abian jarri genuenean nahita hautatu genuen "dantzan" eta ez "dantza", alegia, aditza hautatu genuen eta ez izena, batek "jarrera aktiboa" adierazten zigulako eta bigarrena objetu inaktibo bezala antzematen genuelako.

Posta zerrenda webgunea baino lehenagokoa da, zehazki 2000. urteko martxoaren 31an sortu genuen, egroups izeneko tresna bat baliatuz, eta egun hartan [dantzan] izena jarri genion posta zerrendari. Urtebete beranduago, 2001eko martxoan, sarean geneukan dantzan.com-en lehen webgunea, eta horretarako errejistratu genuen dantzan.com domeinua. Itxura hau zuen 2001eko dantzan.com hark:

 2001eko martxoaren 12an dantzan.com-ek zeukan irudia.

'Dantzan.com' zen gure hautua, baina egiari zor, dantza.com nahi izan bagenu ere ezinezkoa izango zitzaigun, ordurako hartua baitzegoen bukaerako 'n' gabeko dantza.com. Nork hartua? Ba gaur egun daukan berak, Castejon-eko kontserbera batek, Conserveras Dantza S.A enpresak. 2001eko ekainaren 25ean hauxe zegoen dagoeneko dantza.com-en:

Hasieran ez genion garrantzirik eman horri, jendeak dantzaN zela azkar ikasiko zuela uste genuelako, baina urteak pasa ahala ohartu gara ezetz, zenbaitek ez duela inoiz ikasiko dantzari buruzko webgunea dantzan.com dela, eta dantza.com piperrak, zainzuriak eta alkatxofak ekoizten dituen enpresa dela. Zenbat aldiz idatzi ote diguten izena gaizki egunkari, webgune, email zein sare sozialetan? Argian idatzi genuen: "dantzan puntu com, dantzaannnn, ennez bukatuta. Zenbat aldiz errepikatu behar izan dugun zuzenketa hori azken hamar urteotan." Eta zenbat lagun sartu ote den interneten zinta-dantza edo dantza-jauzi baten bila eta pikilloko pipar ederrekin geratu ote diren? Horrekin ezin dugu konpetitu! ;-) 

.eus

 .eus domeinuak sortzeko aukera izango zela iragarri zenean dantzan.eus eskuratzeko zer egin behar genuen begiratzen hasi ginen, eta ikusi genuen, aurretik dantzan.com erabiliz euskara eta euskal kultura jorratu ditugunez, dantzan.eus nekez emango diotela beste inori, lehentasuna geuk baitugu horretarako. Eta orduan bururatu zitzaigun dantza.eus lortzeko aukera izan zitekeela. Ez zirudien kontserberak eskatuko zuenik, eta eskatuko balu ere, bere jarduera ez dagoenez euskara eta euskal kulturarekin (bueno, hau eztabaidagarria da, nork dio zainzuriak ez direla euskal kultura? baina ezikusiarena egindo dugu) zuzenean lotuta (!) ez zioten emango, ez behintzat hasierako lehen olatu honetan.

Izan ere, PuntuEus fundazioa aritu da .eus domeinuak eskuratzeko lanean eta beraiek banatuko dituzte orain, eta olatuka planteatu dute domeinuen banaketa. Lehen multzoan, aitzindarien multzo bat hautatu dute. Eskaerak egiteko epea ireki zen, eta guk dantza.eus eskatu genuen. 91 eskaera onartu dituzte eta horietako bat izango da dantza.eus. Ekainaren 21etik aurrera aktibo izango dira.

eta dantzan.com?

Horrek ez du esan nahi dantzan.com alde batera geratzen denik. Ez noski. Dantzan.com-ekin segiko dugu, eta momentuz ez dugu marka aldatzea planteatu. Aurrerago, hurrengo epea zabaltzen denean dantzan.eus ere eskatuko dugu. Horrela, dantzan.com, dantza.eus edo dantzan.eus idatzita eta bilatuta, dantzari buruzko informazioa eta dantzan komunitatea agertuko zaizkizue. Eta pipar, zainzuri eta alkatxofena... ba tira, dantzarekin bateragarriak dira, ez? Dantza aurretik zein ondoren gustura hartuko ditugu!

Dokumentuaren akzioak

2014/06/12 16:30
Pozten nau. Nik ere pentsatu izan nuen .eus domeinuen lehen olatu honetan sar zitekeela dantzan.com, euskal kulturaren erreferentziazko web guneen artean. ZORIONAK eta ongi etorri dantza.eus

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.