Urriaren 20 eta 21ean, La Fundición-en izango dugu berriz ere Daniel Abreu dantza garaikideko konpainia, estatuko taldeen artean nazioarteko oihartzun eta aitortza handienetakoa lortu duena . Lehenago ere izan dira Bilbon eta oso harrera ona izan dute beren lanak aurkeztu dituztenean. Oraingo honetan, egoitza Madrilen duen Daniel Abreuren taldeak Otros Rostros, Otros Rastros izeneko lana erakutsiko digu.
Obra hau leial zaio Daniel Abreu sortzaile eta zuzendariaren koreografia-unibertsoari, eta berriz ere dantza garaikide bihurtzen du eguneroko keinua. Horrela, Madrilen bizi den koreografo kanariar honek ikuskizun barnekoa eta emozionala eraikitzen du, munduaz eta dantzaz duen ikuspegi pertsonala erakutsiz. “Nire lanak eguneroko ekintzaz beterik daude, jantzi eta erantzi egiten den jendez, laztanez, ibilaldiz, etendako keinuz, hitzez, oldarrez, itxaronaldiz...”, azaltzen du Abreuk.
Anuska Alonso, Álvaro Esteban eta Daniel Abreuk egiten duten interpretazioari esker, obra honek dantza garaikidearen bideetatik eramango gaitu emozioz beteriko bidaia batean. Hona hemen prentsak koreografo honetaz esan duena: “Kritikoak ez ditu lan berriak a priori kalifikatu behar. Dantzari moduan esperientzia handia badu ere, Daniel Abreu sorkuntzan da trebea. Bakarkako saioetan erakusten duen progresioak errespetu handia sortzen du eta arretaz behatzera gonbidatzen gaitu...”. Roger Salas. El País. 2006ko irailaren 13a.
Zirkuitua eta Sarea
Ikusle heldu eta familientzako Dantza eta Antzerki Garaikidearen Zirkuitua Antzoki Alternatiboen Sareak bultzatutako programa bat da. Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalaren (INAEM) babesa du eta helburu zehatz batekin antolatu da: antzerki eta dantza konpainiei Estatu osoko Sarean dauden areto alternatiboetan emanaldiak egiteko bidea erraztea.
Antzoki Alternatiboen Sarea elkarte bat da, formatu txiki eta ertaineko 36 areto eta antzoki biltzen dituena, eta proiektu berritzailea eta arrisku artistikoa hartzen duen talde pribatu batek kudeatzen ditu. Dantza kategorian Otros Rostros, Otros Rastros ikuskizuna izan da boto gehien jaso duena Sareko Zirkuituaren 2012ko edizioan.