Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Boiseko Dan Ansotegi musikaria eta dantzaria saritu dute

Dokumentuaren akzioak

Boiseko Dan Ansotegi musikaria eta dantzaria saritu dute

2019/06/24 11:15
Boiseko Dan Ansotegi musikaria eta dantzaria saritu dute

Dan Ansotegi, Boise, 2018-07-30. Argazkia: GarI Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Dan Ansotegiri "National Fellowship of the Arts" saria eman diote; Estatu Batuetako folk eta musika tradizionalean jaso daitekeen aitorpen garrantzitsuena. Artisten lana aitortu eta beren proiektuak diruz laguntzea da sariaren xedea. Aitortza hori jaso duen bigarren euskalduna da Ansotegi. 1985ean Jim Jausorori eman zioten saria; aurrena Dan Ansotegiren aitaren eta ondoren Dan beraren musika kidea izandakoari.

Bere musika ibilbidean sari bat baino gehiago jaso ditu Ansotegik. 2001ean Ondarearen Idaho saria eman zioten; 2004an Arte Tradizionalen Bikaintasunaren Gobernadorearen saria eta 2010ean "Fellowship Awards for Performance" sarietan aipamen berezia egin zioten Idahoko Arte Komisioaren eskutik.

AEBetako euskal dantzaria eta musikaria

Dan Ansotegi 1959an jaio zen Boisen. Jatorri euskaldunekoa bera, umetatik euskal kultura oso presente izan du. Boiseko euskal komunitatean hazi da eta euskal kulturaren transmisioan etenik gabe lanean aritu da, bere arbasoen kulturarekiko interesa eta konpromisoa erakutsiz. Boiseko komunitate euskalduneko erreferente eta pertsona aktiboetako bat dugu Ansotegi, euskal musika, dantza edota gastronomiarekin lotutako hainbat ekimen eta taldetako kide eta bultzatzailea da.

Ansotegi sei urterekin hasi zen dantzan, Juanita Ormaetxea eta Anne Boyd izan zituen irakasle. Ansotegiren aita, Domingo Ansotegi eta Jimmy Jausoro aritzen ziren dantzarientzat musika jotzen. Hamalau urterekin Boiseko Oinkari dantza taldean hasi zen. Dantzariak musikariak alboan izan ohi ditu ia beti eta Ansotegiri musika instrumentuekiko interesa sortu zitzaion segituan. Soinu txikia ikasi zuen Joseba Tapiarekin eta Boiseko euskal rock eta folk bandetan ibili da, besteak beste, Ordago, Gaupasa eta Amuma Says No-n. Boiseko Txantxangorriak musika eskolako sortzaileetakoa da eta soinua eta panderoa erakusten die heldu zein haurrei. 2000an, Ansotegiren seme-alabak Oinkarin hasi ziren dantzan; orduan, berriro elkartu zen taldera, baina musikari modura.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.