Dokumentuaren akzioak
Zortziko jaiotzen ikusi zuen jaialdira, Confolens-era itzuliko da Argia 25 urteren buruan
1988. urtean bezala, 2014an Euskal Herriari eskainiko dio gaualdi nagusia Confolens-eko jaialdiak, eta orduan bezala, Argia dantzari taldearen zuzendaritzapean dantzatuko du bertan euskal dantzari multzo zabal batek. Abuztuaren 12an, nazioarteko folklore jaialdietan aitzindari eta entzutetsuenetakoa denak Euskal Herria izango du gai nagusi eta bakarra.
Zortzikoren jaiotza 1988an
Orain 26 urte Henri Coursaget-ek Confolens-eko folklore jaialdiko eta CIOFF-eko sortzaile izan zenak jaialdiko gaualdi nagusia Euskal Herriari eskaintzea pentsatu zuen. Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, Zortziko ikuskizuna bertan estreinatu zen 1988ko abuztuaren 13an. Argia, Goizaldi, Harkaitz, Haritz, Lapurtarrak, Antigua, Añorga eta Astigarragako haur taldeak eta Iturengo Joaldunek osatutako ehundik gora dantzarik parte hartu zuten estreinaldi hartan, eta ikuskizun horrek, eta horren segida izan zen Alakiketan-ek euskal dantza eszenaratzeko eredu berri bat zabaldu zuten.
Besta Berri eta Axeri Boda
Datorren abuztuaren 12an, berriz ere Argia eta Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean arituko dira Confolens-eko Theatre des Ribieres-en Maritzuli, Arkaitz, Haritz, Gure-Kai, Duguna, Urki, Duguna, Kezka eta Argiako dantzari eta musikariak. 3000 biztanle eskas ditu Confolens-ek eta Vienne ibaiaren ertzean 3000 ikuslerentzat eserleku eta 200 metro koadroko eszenatoki handia prestatzen dute Theatre des Ribieres izenarekin. Besta Berri eta Axeri-boda ikuskizunetako zenbait zati eskainiko ditu bertan Argia taldeak zuzendutako 80 musikari, dantzari eta laguntzaile taldeak.
Hiru zati izango ditu Juan Antonio Urbeltz-ek zuzendutako emanaldiak. Ezpata-dantzak eta brokel-dantza izango dira protagonista lehenean, Axeri Boda ikuskizunerako prestatutako soka-dantza eta ingurutxoa bigarrenean, eta Muriska sorkuntza lana hirugarrenean. Jaialdiaren inaugurazio ekitaldia Euskal Herriari zuzendua izango da eta Argiaren dantzek eta Ortzi Otxotearen kantekin osatuko da gaualdia. Abuztuaren 12an, gaueko 21:00etan iragarrita dago saioa, eta 20€ balio du sarrerak.
Informazioa: Prélude Basque "Besta Berri" (Festival de Confolens)
Dokumentuaren akzioak