Dokumentuaren akzioak
Boiseko Oinkari Euskal Herrira dator uztailean
Oinkari Basque Dancers taldea Ameriketako Estatu Batuetako euskal dantza talde sendoeentakoa da. Dantzari eta musikari talde zabala du, 50 dantzarik osatzen du taldea, eta zorrotz eta distiratsu dantzatu ohi ditu euskal dantza tradizionalak. 1960 urtean sortu zen Idahoko hiriburuan Oinkari dantza taldea, hortaz iaz bete zituen 50 urte Oinkarik. Ordutik hamaika emanaldi egin ditu bai Estatu Batuetan barrena eta baita kanpoan ere. Euskal Herrian 2006 urtean izan ziren azken aldiz, ordukoan Andra Mari Galdakaoko dantzari taldeak gonbidatuta. Laupabost urtean behin etortzeko ohitura du Oinkarik, ondorengo argazkietan ikusterik dugun moduan. Erretratuak azkenekoz etorri zirenean Gernikan eskaini zuten emanaldikoak dira:
Uztaileko lehen egunetan izango ditugu hortaz gurekin Oinkariko dantzariak, uztailaren 2tik 11ra zehazki, Mungia, Gernika, Gasteiz, Añorga, Hendaia eta Galdakaon. Honetan, ordea, ez datoz bakarrik, Boiseko Amuma Says No erromeria taldea beraiekin izango baita Euskal Herrira egingo duten bidaia honetan.
Etortzeko dirua behar da ordea eta ez gutxi. Hori lortzeko lan handia egin dute dantzari eta taldekideek aurreko asteburuan antolatu zuten dantza maratoia adibide dugularik. Euskal Herrian Korrikarekin egiten dugun moduan, haiek 24 orduz aritu ziren dantzan gelditu gabe, dantza egiteko ordea norbaitek donazio bat egiten zuen Oinkari taldearentzat. Duela aste batzuk ere antolatu zuten sagardotegi bat Boisen bertan. Euskal Etxea mahaiekin bete eta 300 lagunentzako sagardotegiko menua eskaini zuten dirua ateratzeko.
Batez ere Bizkaiko dantzak jorratzen dituen taldea da Oinkari eta ez kasualitatez, hara bizitzera joandako euskaldun gehienak bizkaitarrak baitira. Hala ere, ez dira horretan bakarrik aritzen, Gipuzkoako dantzak, Nafarroako dantzak... ere egin izan baitituzte euren emanaldietan. Iaz izan zuen taldeak emanaldi berezi bat: Shanghain, erakusketa unibertsalaren egitarauan parte hartzeko euskal dantza talde bat gonbidatu zuen Eusko Jaurlaritzak, Oinkari hain zuzen ere.
Dokumentuaren akzioak