Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Boiseko Oinkari dantzari taldea Euskal Herrian izango da datozen egunotan

Dokumentuaren akzioak

Boiseko Oinkari dantzari taldea Euskal Herrian izango da datozen egunotan

2023/06/20 08:45
Boiseko Oinkari dantzari taldea Euskal Herrian izango da datozen egunotan

Oinkari dantza taldea Gernikan, 2006. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc-by-sa

Diasporako euskal dantza talde ezagunenetakoa eta euskal kultura munduan ezagutzera ematen duena da Boiseko Oinkari dantzari taldea. Hainbat urtetik behin Euskal Herrira etortzen dira bertan euskal dantza bizi, dantzatu eta euskal dantza taldeekin dituzten harremanak sendotzera. XXI. mendean bosgarren aldiz etorriko dira 2023 honetan, aurretik 2003, 2006, 2011 eta 2016an ere etorri baitira.

Boiseko Oinkari 2003
Boiseko Oinkari Añorgan, 2003. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc-by-sa

Dantzarik dantza Euskal Herrian barrena

San Joan bezperan izango dute lehen hitzordua Euskal Herrian, izan ere, Donostiako Goizaldi dantza taldearekin duten harremana tarteko, ekainaren 23an Konstituzio Plazan egiten duten soka-dantzan izango baitira, eta San Juan bezperako suaren inguruko dantzaldian parte hartuko dute Oinkari taldekoek Goizaldikoekin batera. Biharamunean, San Joan egunez Tolosan bordon-dantzaz gozatzeko aukera izango dute Udaberri dantza taldearekin.

Dantza ikastaroak jasotzen ere baliatuko dute eta horrela ekainaren 25ean Iruñean izango dira ikastaldia jasotzen Ortzadar elkartearekin. Nafarroatik Iparraldera joko dute oinkariek biharamunean, Donibane Lohizunera hain zuzen ere. Ekainaren 27an Araban izango dira, Lehendakariak harrera egingo die eta arratsaldean dantza emanaldia eskainiko dute Gasteizko Plaza Barrian, 18:30ean.

Oinkari Donostia 2016
Boiseko Oinkari Donostian, 2016. Argazkia: Dantzan cc-by-sa

Bizkaia maite

Idahoko euskal diasporaren ezaugarria da Bizkaiko iparraldeko eta barnealdeko etorkin askok inguru horretara jo zutela XX. mende hasieran. Amerikako mendebaldean bizibidea egin duten euskal etorkin asko Nafarroako iparraldetik eta Lapurdi eta Nafarroa Behereko barnealdekoak ziren, baina Idahon bizkaitarrak izan dira nagusi. Bidaia honetan Oinkariko dantzari gazteek beren arbasoen herriak bisitatu eta ezagutzeko tartea hartuko dute. Horrela ekainaren 28an beren arbasoen jaioterri izan ziren Bizkaiko hainbat herri txiki ezagutzeko txangoa egingo dute: Markina-Xemein, Aulesti, Munitibar, Mendata, Gernika, Nabarniz, Ispasrter, Natxitua, Ibarrangelu, Larrabetzu eta Arteaga bisitatzeko road-tripa.

Oinkari Gernika 2011
Boiseko Oinkari Gernika, 2011. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc-by-sa

Ekainaren 29an Lekeition, Kaxarranka eta eguzki-dantza ikusteko eta San Pedro egunaz gozatzeko aukera izango dute. Biharamunean Galdakaon Andra Mari dantza taldearekin jasoko dute ikastaroa, hauek ere, Goizaldi, Udaberri edo Ortzadar taldeak bezala oinkaritarrak Boisen bisitatu baitzituzten aurreko urte batzuetan eta bisita itzuliko diete horrela Boiseko dantzariek. Ekainaren 30ean Galdakaon Andra Mari eta Oinkari dantza taldeek emanaldia eskainiko dute elkarrekin.

Oinkari Euskal Herrian 2023 emanaldiak

  • Ekainak 23, 20:00, Donostia, Konstituzio Plazan, Goizaldi eta Oinkari.
  • Ekainak 27, 18:30, Gasteiz, Plaza Barria, Oinkari dantza taldea.
  • Ekainak 30, 20:00, Galdakao, Santi Brouard plazan, Andra Mari eta Oinkari.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.