Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bideo sorta bikaina sareratzen ari da dantzanet

Dokumentuaren akzioak

Bideo sorta bikaina sareratzen ari da dantzanet

dantzan.com
2007/06/01 17:17
Hainbat dantza tradizionalen bideoak sareratzen ari da dantzanet, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren webgunea. Lekeitio, Garai edo Gernikako dantza tradizionalen grabazio zaharrak sarean daude dagoeneko. Dantzarien Biltzarraren apaletan zegoen altxorra guztion eskura jartzeari ekin dio dantzanet-ek.

Aste honetan bertan bost dantza tradizional sorta eder sareratu ditu Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak. Bideoak google video sistemaren bidez ari dira sareratzen eta dantzanet.net webgunean, bideoen atalean ikus daitezke denak.

Aipatzekoa da sareratzen ari diren bideotako askok badituztela urte batzuk. Ondorioz orain zenbait urte herri horietan dantza tradizionalak nola egiten ari ziren erakusten digute. Horixe da adibidez Garairen kasua. Dantzari tradizio bikaina izan du Garaik baina azken urteotan zailtasunak dituzte taldeak osatzeko. Orain urte batzuk Garain egindako dantzari-dantza eta soka-dantza egiten ikusteko aukera dago bideo hauei esker.

Lekeitiko kaxarrankaren bideo sorta ederra ere sareratu du Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. Dagoeneko kaxa gainetik erretiroa hartu duen Pedro Murelaga bera dantzan ikusteko aukera dago bideo horietan.


Lekeitio, Garai eta Gernikako emanaldi tradizionalen bideo bildumak ikus daitezke dagoeneko. Hauek dira oraingoz dantzanet-en webgunean denon eskura jarri dituzte bideo sortak:


Dantzanet webgunean bertan ageri den zerrendari erreparatuz gero badirudi datozen asteotan sareratuko den bideo bilduma ederra izango dela. Bestek beste honako zerrenda hau iragartzen da bertan: Andreen soka-dantza, dantzari-dantza, danza de varas, entradillas, errebonbilloak, erromeria dantzak, ezpata-dantza, Gernikako arbola danzak, gorulariak, haur dantzak, joko dantzak, mahaigainekoa, puntepioak, uriko soka-dantza, zaragi-dantza...

Horietako batzuk google videon daude dagoeneko, dantzanet webgunean erakutsiak izateko prest. Adibidez Amorebietan adineko gizon bati orain urte batzuk grabatutako Txakolin-dantza ikusi daiteke edo Ondarroan grabatutako saliña-saliña dantza.

Bizkaian egindako grabazioak dira gehienak, baina badira beste toki batzuetan egindakoak ere. Adibidez, Lapurdin, Beskoitzen egindako bizar-dantza hau.


Txoritxo batek esan digunez bizar-dantza hori egiten ari diren bi dantzariak dantza-maisu oso ezagunak dira gaur egun: Claude Iruretagoiena eta Patxi Perez hurren hurren!

Grabazio oso garrantzitsuak dira horietako batzuk, gaur egun nekez egin ahal izan liratekeenak. Dokumentu benetan interesgarri eta baliagarriak jartzen ari da Bizkaiko Dantzarien Biltzarra euskal dantzari eta dantzazaleen eskura.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.