Dokumentuaren akzioak
Bidasoaldeko Gazteen Nazioarteko Folklore Jaialdia
Sri Lankak abenduan sufritutako tsunamiak bertako taldea egoera ekonomiko txarrean utzi zuen. Egoera berezi eta lazgarri hau zela eta, taldeari bidaia ordaintzeko gure folklore jaialdia eta Ezpeletan antolatzen den Gauargi jaialdiaren artean diru bilketa bat antolatzen ari ginela esan genizuen, zuen laguntza eskatuaz. 120 haur bilduko dituen jaialdi baten antolaketak dedikazio handia eskatzen du, eta honi 30000 biltzeko kanpaina bat batzen badiogu zer esanik ez dago. Horrelako ekintzak soilik solidaritatean eta lortzen den emaitzaren berotasunean justifikatzen dira.
Azken hilabetetako indar eta ilusioak bultzaturik egindako lana tramite burokratikoengatik zapuztu dela esatea zaila eta frustrantea gerta liteke, baina errealitatea gordina da batzuetan. Etorri behar ziren 4 taldetatik, Senegali eta Sri Lankako taldeari ez dizkiote bisatuak eman nahi izan, tramiteak garaiz hasi arren. Sri Lankaren kasuan, hainbat saiakera ezberdin egin arren eta hegazkinerako txartelak erosi ondoren, bisatuak atzera bota dizkiete. Txartelak erosita edukitzeak galera ekonomiko handia sortu arren, handiagoak izan dira gure bihotzean sortu diren zimurrak.
Baina guk gure bidean aurrera jarraitu behar genuen. Beraz, eta jaialdia asteko bi aste falta zirela ikusiaz talde bi lortzeko Toulouse inguruan dagoen Saint Maixenteko jaialdira jo genuen 2 talderen bila. Joan etorrian soilik 8 ordu luzeko bideak bere fruituak eman zituen, gure jaialdira etortzeko prest zegoen Touvako Errepublikako talde batekin kontaktuan jarri ginelako. 4 taldeak osatzeko azken saiakera batean, CIOFF eta dantza taldeak festibaletan zehar mugitzen dituzten beste hainbat erakunderen bitartez talde Bulgariar batekin kontaktuan jarri ginen eta beraien aldetik ahalegin berezi bat eginez, bertara etorriko direla esaten digute orain dela gutxi..
Beraz, azkenean aurtengo jaialdia Mexiko, Armenia, Touvako errepublika eta Bulgariako taldeen partehartzearekin osatuko da. Benetan interesgarria eta aberasgarria izango dela espero dugu.
Eta aurtengo bidaia zapuztu dieten taldeei datorren urterako lekua gordeko diegu, ea beraien ilusioa eta esperantzak deuseztu dituen oztopoa ez den berriro agertzen.
Eskerrak eman nahi dizkiegu zuloz beteriko bide honetan lagundu diguten dantza talde, erakunde eta pertsona guztiei
Azkenik, gonbidapen bat luzatu nahi dizuegu aurtengo IX. Bidasoaldeko Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdira etortzeko, kultura berriak ezagutuz eta dantza eta musika berriekin gozatuz guretzako fruiturik gozagarrienak diren txalo eta irriak talde hauei eskeintzera.
Uztailak 21, Irun
- 22.00etan, Inaugurazioa Irunen, Santiago kaleko frontoian: Tuva, Armenia, Mexiko, Bulgaria eta Eraiki.
Uztailak 22, Bera
- 20.00etan, Emanaldia Beran, Alzate plazan edo frontoian: Mexiko, Armenia eta Gure Txokoa.
Uztailak 23, Zarautz
- 20.00etan Kalejira
- 23.00etan Emanaldia Munoan (Tuva, Armenia, Mexiko, Bulgaria eta Eraiki)
Uztailak 24, Etxalar
- 12.00etan Emanaldia Etxalarko plazan (Tuva eta Bulgaria)
Uztailak 24, Zumaia
- 13.00etan Kalejira
- 19.00etan Emanadia Eusebio Gurrutxaga plazan: Tuva, Bulgaria, Armenia, Mexiko eta Eraiki.
Uztailak 25, Lesaka
- 20.00etan Emanaldia Lesakako plazan (Tuva, Bulgaria, Eraii eta Tantimairu)
Uztailak 26, Irun
- 10.00etan taldeen arteko dantza trukea Ensantxe plazan.
- 22.00etan, jaialdiaren amaiera, Santiago kaleko frontoian.
Dokumentuaren akzioak