Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Baztango sagar-dantzen eta soka-dantzen inguruko ikerketa argitaratu du Patxi Larraldek

Dokumentuaren akzioak

Baztango sagar-dantzen eta soka-dantzen inguruko ikerketa argitaratu du Patxi Larraldek

2017/10/04 10:30
Baztango sagar-dantzen eta soka-dantzen inguruko ikerketa argitaratu du Patxi Larraldek

Arizkungo sagar-dantza, Arizkun, 2008-02-05. Argazkia: Iñaki Zugasti-dantzan.eus CC-BY-SA

Baztango sagar-dantzen eta soka-dantzen inguruko ikerketa-lan sakona argitaratu berri du Patxi Larraldek Txistulari aldizkarian. Artikuluekin batera Larralde aita-semeei egindako elkarrizketa argitaratu da. Arizkungo eta Baztango dantzen eta musika kontuen inguruan aritu dira Larraldetarrak. Urriaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan Elizondoko Arizkunenea kultur etxean aurkeztuko dute egindako lana; sagar-dantzen erakustaldia ere izango da.

Baztango sagar-dantzak

Baztango, Amaiurko, Arizkungo, Erratzuko, Elizondoko eta Lekarozko sagar-dantzak ikertu ditu Patxi Larraldek, Javier aitaren laguntzatz. Sagar-dantzen historia, gorabeherak, koreografien eta melodien xehetasunak, berreskurapen prozesuak, irudiak, partiturak... jaso dituzte; nola ez, ondorio orokor batzuetara ere iritsi dira ikerlanean.

2017-02-28_Arizkun-sagar-dantza_OA_8034_r.JPG
Arizkungo sagar-dantza, Arizkun, 2017-02-28. Argazkia: Oier Araolaza-dantzan.eus CC-BY-SA

Jasotako testigantzetan ez da ageri sagar-dantzak baserri eta auzo sakabanatuetan dantzatzen zirenik, herri-guneetan soilik dantzatu izan dira. Arropari dagokionez, normalean zuriz eta koloretako apaingarriekin atera izan dira dantzatzera eta nabarmentzekoa da dantzarien burukoa, koloretako zetazko paper eta zintez apaindutako konozko txano luzea. Harrigarritzat jo dute horren distantzia txikian, Baztanen, aurkitu daitekeen sagar-dantzen ugaritasuna.

Arizkungo sagar-dantzako taldea 2017
Arizkungo sagar-dantzako taldea. Sagar-dantzariak (danbolinnausiek): Jon Zubiri, Anne Karrikaburu, Oier Neol, Manex Etulain. Txistulariak: Patxi Larralde, Eki Angevin, Xabier Durruti eta Jose Javier Indabere. Atabalaria: Ander Barrenetxea. Botileroa: Kaiet Iriarte. Arizkun, 2017-02-28. Argazkia: Oier Araolaza-dantzan.eus CC-BY-SA

Soka-dantza Baztanen

Baztan bailarako sagar-dantzak ikertzeaz gain bertako soka-dantzei ere erreparatu diete. Soka-dantza, identitatearen eraikuntzan eta kontzientzia komunitarioan giltzarria izan dela diote. Horrez gain, sozializazio-tresna gisa ulertu behar dira soka dantzak, gazteen arteko harremanak erraztu dituzte, Baztango eremu geografiko sakabanatuan, askotan, konplexuak izan diren harremanak.

Soka-dantza Berruetan
Soka-dantza Berruetan. Argazkia: Baztango haizegoa

Umeen, gazteen, ezkonduen edota agintarien soka-dantzak bereizi dituzte. Soka-dantzen izaera ludikoa zein zeremonial-liturgikoa ikertu dituzte eta dantzen historia, eratzeko moduak, antolaketa, koreografiak, partiturak, irudiak... jaso dituzte.

Soka-dantza Oronozen, XX.mende hasiera.
Soka-dantza Oronozen, XX.mende hasiera. Argazkia: Txistulari aldizkaria

Bi lan mardul horiek batera argitaratu nahian, txistulari aldizkariaren 248. eta 249. zenbakiak ale bakarrean batu dituzte. Bihar osteguna, urriaren 5a, egingo da lanen aurkezpena.

Noiz: Urriaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan.
Non: Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.
Parte-hartzaileak: Baztango Udala, Euskal Herriko Txistulari Elkartea, Javier eta Patxi Larralde, Jose Ignazio Ansorena eta Jo ala Jo kultur elkarteko eta Baztandarrak dantza-eskolako txistulari eta dantzariak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.