Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Urriaren 20an hasiko da Bilboko antzerki eta dantza garaikidearen BAD jaialdia

Dokumentuaren akzioak

Urriaren 20an hasiko da Bilboko antzerki eta dantza garaikidearen BAD jaialdia

2017/10/17 09:20

Urriaren 20tik 29ra, antzerki eta dantza garaikideak hartuko du protagonismoa Bilbon, hiriko sei agertokitan ospatuko den Bilboko Udalak antolatzen duen BAD jaialdian. Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, garrantzia hartzen ari diren bertako  artisten estreinaldiak eta nazioartean izen eta ospe handia duten zenbait konpainiaren azkenengo lanak eskainiko ditu. BilbaoEszenako arte egoitzetako baten irabazlea den Nerea Martínezen edota nazioartean sona handia hartu duten Vera Manterorena zein Malika Djardirenaren erakustaldiak izango dira.

La Fundición aretoan ikusi ahal izango diren ikuskizunek eszena garaikideko artista eta konpainia garrantzitsuenetakoak bilduko dituzte. La Fundición-eko eskaintzaz gain, BAD-ek Pabellón 6ra, BilbaoArtera, Bilborockera, Campos Antzokiko Kupula Aretora, Sareanera, Bulegora eta Berreginen Museora ere eramango du bere programazioa.

DANTZA-IKUSKIZUNEN EGITARAUA

Urriak 20

Lökke/Olatz de Andrés, The Endgame (Euskal Herria). 21:30, Teatro Campos Antzokia (Sala Cúpula Aretoa).

Xake-partida batean, jokalarietako bat jota gelditzen da mugimendu baten edertasunak liluratuta. Une batez, estetika estrategiaren gainetik jartzen da. Partidak ez-ohiko norabidea hartuko du: denboraren joan-etorriak, probabilitatea, arrakasta eta porrota. Aurkariak jokalari gisa eta joko-pieza gisa jokatzen hasiko dira, aldi berean. Eszenatokia xake-taula erraldoi bihurtuko da, eta publikoa, berriz, haren muga.

Urriak 21

Cía. Nuria Pérez Danza, Funtzak (Euskal Herria). 19:30, La fundición

Funtzak emakume hiltzaile baten istorio tragikoa da; gizakiaren esentziaren harrapakariarena. Hiltzea ez da helburua, esentzia izatea lortzeko ondorioa baizik, lipar batez baino ez bada ere, ez delako gai berea duenari erreparatzeko. Bere biktimek esentzia xarmagarriak dituzte bere gusturako, bere gorputzaren keinu guztiak, lurrin guztiak estimatzen ditu. Esentzia: eraikitako nortasunaren atzean dagoen potentziala.

Urriak 22

Cía. Ana Capilla Danza, Feedback (Euskal Herria). 21:00, Teatro Campos Antzokia (Sala Cúpula Aretoa)

Feedback kontzertu eszenikoa da. Zuzeneko musika eta dantzako ikuskizuna. Baxu elektrikoak, kontrabaxuak, gitarra akustikoak eta loopen jokoak soinua jartzen diote dantzaren, ahotsaren eta eszenako diskurtsoaren arteko elkarrizketari. Soinuaren inguruko laborategi irekia, ikerketa performatikoaren eta elkarrizketa biziaren bidez.

Urriak 25

Proyecto Larrua, Baserri (Euskal Herria). 21:00, Pabellón 6

Bidaia euskal kulturan zehar, sano sustraitutako ohiturak berriro interpretatzeko eta geure garaira ekartzeko. Tradizioaren eta abangoardiaren arteko mugak lausotzen ditu lan honek, baserria mitologiaz hornituta eta benetakoaren eta mitologikoaren arteko paralelismoa eginda.

Urriak 26

Radouan Mriziga, 55 (Belgika). 21:00, Bilbao Arte

Zein da artistak ikuslearekin partekatu gura duen informazioa? Informazio asko ala gutxi eman ohi du? Eta zer transmititu nahi duzu? Obraren esanahia transmititu nahi du ala osatu dezala ikusleak berak? Bakarkako lan honetan, Radouan Mrizinga koreografo eta dantzariak etengabe jokatzen du ikuslearen ikuspegiarekin eta itxaropenarekin. Bere buruari ere jarri dizkio oinarrizko arauak. Arauok Arauak betetzean “formak” sortzen ditu, bere burua egoera korapilatsuan jarrita. “55” da koreografoaren aurreneko lana, eta Moussem Nomadic Arts Centre zentroak ekoiztutako trilogia baten estreinako partea da. Bertan koreografiaren, eraikinen, arte islamikoaren, artisautzaren eta arkitekturaren arteko erlazioa arakatzen du. Adimenaren, gorputzaren eta izpirituaren arteko oreka-ekintza moduan irudikatzen du gizakia.

Nerea Martinez, Biraka (Euskal Herria). 19:30, La fundición

Biraka bizi-esperientzia bat, dantza tradizionalaren eta dantza garaikidearen arteko berdintasun eta desberdintasunei buruz gogoeta egitera eramaten nauena. Euskal Kulturarekin, historiarekin eta hizkuntzarekin elkarrizketa koreografikoa egiteko eskatzen dit senak, tradizioaren osagaiak erabilita, mintzaira koreografiko garaikidearen bidez eraberritzeko.


Kanoai, White Lies (Euskal Herria). 21:00, Pabellón 6

White Lies, shock-egoera, emoziorik gabea, oroitzapen batean geldituta, ez aurrera ez atzera. Berregokitzeko aldaketaren indarra. Barneko eta kanpokoaren arteko mugak, orainaren eta oroitzapenaren arteko mugak, adierazten dituen planteamendu eszenografikoa. Itxuraz ezin uztar daitezkeen munduen arteko gatazkan zehar dabil White Lies eta mina gainditzerantz eta transzendentziarantz doa.

Urriak 27

Poliana Lima, Hueco (Madril). 21:00, La fundición

Hueco dantza garaikideko solo bat da, mugimenduan eta zuzeneko musikan barrena identitatearen bidaia bat proposatzen duena. Bidaia honen motorra bertigo-sentipena da, hori sentitzen baitugu ezezagunera jauzi egiten dugunean eta lehengo egoera atzean uzten dugunean jakin gabe zer etorriko den gero. Zaharretik berrira ezinbestekoa den bizi-igarotze horretan datza dantza.

Urriak 28

Mugi-Dantza Familian, Dantza eta mugimenduaren tailerra (Euskal Herria). 17:30, Bilborock

Dantza eta mugimenduaren tailerra 4-12 urteko umeak dituzten familientzat. Mugimenduaren arloko esperientzia da, dantzaren, mugimenduaren eta jolasaren bidezko espazioa eskainita, dantza garaikidearen ekintza artistikora hurbiltzen duena lehen pertsonan bizitako ahalmen aldatzailea aitortuz eta gure sormena eta adierazmena aberasten dituena.

Alessandro Sciarroni; Chroma, no tengas miedo de cambiar de página (Italia). 19:30, Teatro Campos Antzokia (Sala Cúpula Aretoa)

Ekintzaren iraupenari eta abiadura pixkanaka areagotzeari esker, interpretatzailearen eta ikuslearen arteko lotura hipnotikoa sortzen da. Bertsio bakoitzak bere interpretatzaileak ditu, baita artista bisualen, musikarien eta diseinatzaileen kolaborazioa ere, artistak berak eskatua ekintza bera bakoitzaren sentsibilitatearen arabera interpretatzeko, modu koherentean proiektuaren izenburuarekin: materialak eta puntuazio fisikoak gertakari indibidual bakoitzaren aldaketaren, bilakaeraren eta transformazioaren mende daude.


Malika Djardi, Sa prière (Frantzia). 21:00, La fundición

Bakarlan honen jatorria Malika Djardi-ren amaren fede islamikoa eta otoitzaren praktika dira. Emakume biek elkarrizketa bat daukate eta beren ahotsen grabaziotik soinu-banda bat sortzen da, dokumentalaren motakoa. Mintzaldi natural eta intimo horren bidez, gai ugari aztertzen dira, gogoeta espiritualak eta beste batzuk sekularragoak. Bizitzaren zati pertsonalak eta familiarrak zabaltzen dira, unibertsala eraikitzen lagunduz. Material hori, koreografoak kontu handiz uztartuta, hitzetatik musikaltasun antolatu eta propio batera doa, dantzako materiala mugimenduari eskainiz, esandako berbak isiltasunera jaurtitzen diren moduan. Sa prière sinesmen baten praktikan edo dantzari baten diziplinan aurkitzen ditugun ekintza erritalen “mugitzen den” isla da.

Urriak 29

Vera Mantero/O rumo do fumo, “Serrenhos do Caldeirão”, ejercicios en antropología ficcional (Portugal). 19:00, La fundición

Lan hau DeVir-en (Faro) gonbidapenaren bidez sortu zen, Encontros do Devir-en barruan, 2012an. Lanak Portugaleko Algarveko Serra do Caldeirao-ko desertifikazioaneta gizagabetzean oinarritzen da. Bideoan egindako artxiboak eta Michel Giacomettiren (Portugalen bizi den dokumentalista frantziarra, kultura portugaldarreko mitoa) filmazioak uztartuz, batez ere laneko kantuei buruzkoak, Vera Manterok gogoeta egiten du ohiko eta baserrialdeko bizimoduaren praktikei buruz eta Portugaleko iparreko eta hegoaldeko eta beste leku eta kontinente batzuetako ahozko kulturetako ezagutza propioei buruz.

Michele Rizzo, Higher (Italia). 21:30, Pabellón 6

Higher klubetako dantzaren esperientzian inspiratu eta oinarritutako dantza performatiboa da. Zein-nahi kategoriatan aise sartzen ez den dantza, dantza sozialaren rol modua hartua batzuetan zenbait teknika, estilo eta eraginen ezaugarriekin. Azken aldi honetan dantzaren helburu omen dena azken muturreraino azaltzen duena, giza adierazmenaren mota bat bezala ulertua.

Egitarau osoa: BAD 2017 egitaraua

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.