Dokumentuaren akzioak
Azpilagañako ezpata-dantza estreinatuko du Oberenak
Iruñeko Azpilagaña auzoan Eguberrietako festari lotuta ezpata-dantza berria plazaratuko du Oberena dantza taldeak igandean, abenduaren 23an. Hain zuzen 23an ospatzen dira Eguberriak Azpilagañan, eta Oberena Gazteak taldeak egindako Olentzerorekin kalejira egin eta ezpata-dantzaren estreinaldia egingo dute.
Oberena dantza taldeak jakinarazi duenez "azken urteetako hausnarketa prozesu baten emaitza izan dira Olentzeroren kalejira eta ezpata dantza". Hainbat urte daramatza "Oberenak Azpilagañako segizioan parte hartzen, baina dantzariek Eguberrietako bestan aktiboago parte hartzeko beharra ikusi zuen taldeak". Azpilagaña auzoarentzat dantza propio bat prestatu du Oberenak, urtero errepikatzeko asmoarekin.
Bortzirietako eredu koreografikoa
Bortzirietan badira zenbait ezpata-dantza ezagun, hala nola Lesakan, Beran edo Igantzin, eta eskualde horretako dantzetan inspiratzen da Azpilagañako ezpata-dantza. Hiru zati ditu dantzak: karrika-dantza, zortzikoa eta ezpata-dantza. Lehen urte honetan bederatzi dantzarik osatuko dute taldea, baina aurrera begira taldea zabaltzeko aukera aurrekusten da. Doinu nagusia gabon kanta batean oinarritzen da, Arkume ta gaztakin izenekoa. Beste bi doinu ere baliatuko dira, horiek Aitor Urkiza txistulariak sortuak.
Genero bereizketarik gabe
Ezpata-dantzarien jantziak eredu bakarrekoak dira, emakume edo gizonezkoak bereizten dituzten ezaugarririk gabekoak alegia. Txapela beltza, atorra zuria, koloretako zapiak, paparreko orratza, koloretako gerrikoak, gona grisa, britxe zuria, artilezko galtzerdi luzeak eta abarkak jantziko dituzte dantzariek.
Egitaraua
Azpilagañako Olentzero eta ezpata-dantzaren egitaraua
- 16:15 Kalejiraren abiatzea Oberena elkartetik Olentzeroren panpinarekin.
- Alfredo Floristan plazan geldialdia: Arrosadiko Kultur Koordinadorari kantatu eta dantzatuko diote askariaren truke.
- 16:55 Albeniz tabernan geldialdia, kantu eta dantza.
- 17:20 Azpilagañako Erretiratuen Elkartean, kantu eta dantza.
- 17:50 Luis Morondo kaleko etxabe batean. Bertan Azpilagañako auzokideek eta kultur koordinadorak eskainiko dute merendua.
- 18:10 Ezpata-dantzariak, karrika-dantzarekin, bidean zubiak eta makil gurutzeak eginez. Hala ibiliko dira A.S tabernaren pareko plazara ailegatu arte, Migel Astrain karrikako atzekaldean. Bertan eginen dute ezpata-dantza, eta horren ondotik ailegatuko dira Olentzero eta Mari Domingi, auzoko joaldunekin batera.
- 18:15ean Ezpata-dantza
- 18:30 kalejira Azpilagañako Olentzeroren segizioarekin.
Informazioa: Azpilagañako ezpata dantza aurkeztuko du Oberenak igandean (Oberena dantza taldea)
Dokumentuaren akzioak